- Donostiako Udalak euskararen kaleko erabilera eta etxekoa puntu bat igo nahi du eta haur eta gazteen kasuan, aisialdian eta kirolean egiten dutena bost puntu handitu nahi du, %60 arte. Horiek dira, besteak beste, Udalak onartu berri duen Donostiako Euskararen Plan Orokorraren helburuak eta horiek lortzeko datozen lau urteotarako ekintza eta asmo zehatzak aurreikusi ditu, beti ere euskara berreskuratzeko eta zabaltzeko bidean aurrera egiteko asmoz eta horretarako Udalak eskumena duen arloetan eta erakundeetan eraginez.

"Donostia Euskararen Hiria dela diogu eta, beraz, bidea egitea eta eredugarritasunez jokatzea dagokigu", dio testuak. "Gipuzkoako hiriburua gara, euskara osasuntsuen dagoen lurraldearen hiriburua, eta hizkun-tzaren normalizazio prozesuan aurretik joateko erantzukizuna dugu Gipuzkoa osoarekin batera".

Hala, gizarte-erabileran eragin nahi du bereziki plan orokor berriak berriro, baina baita ezagutza handitu ere, hiztun gehiago lortzeko. Hirugarren helburu estrategikoa euskarazko sorkuntza eta kontsumoa indartzea da. Horiek lortzeko printzipio orokorrak zeintzuk diren zehazten du planak: aukera berdintasuna berma-tzea, Udala bera arnasgune eta eragile izatea, ulermena unibertsalizatzea, kultur-aniztasuna kontuan hartzea, erakundeen arteko koordinazioa bultzatzea eta elkarlana eta gizarte aktibazioa sustatzea. Gainera, gazteak giltzarri direla ere aipatzen du.

Aurreko planaren jarraipena denez, haren irakurketa egin dute lehenengo eta balorazio kualitatibo horretatik atera dira oraingoaren ildo nagusiak. "Orokorrean balantzea ona da; sektore askotan ekintzak egin ditugu, eta datu orokor handitan ager-tzen ez bada ere, alor zehatz batzuetan erabilerak gora egin duela badakigu: Udalaren barruan, merkatari-tza eta ostalaritzan...", azaldu du Edurne Otamendik, Udaleko Euskara Zerbitzuaren buruak. Garbi dauka errealitatea "egun batetik bestera" ezin dela aldatu eta makrodatu horiek hobe-tzea zaila eta prozesu mantsoa dela, horregatik errealistak izan nahi izan dute datozen lau urteotarako helburuak finkatzean. "Baina esparruz esparru eragiten jarraitu behar dugu; garbi daukagu euskararen normalizazioak ez duela aurrera egingo instituzioek eta gizarte eragileek lanean jarraitzen ez badute", gaineratu du. "Euskara hizkuntza gutxitu bat da, bi hizkuntza oso indartsuez inguratuta dago, mundu globalizatu batean... Lanean jarraitu behar dugu, motibazioa landuz, diskurtsoak egokituz", aipatu du.

Hala, aurrerapauso horiek batez ere gizarte-erabileran eman nahi dituzte datozen urteotan. "Ezagutzak ez duela zuzenean erabilera ekartzen ikusi dugu", aipatu du Otamendik. Kale erabilera %16ra arte igotzea espero dute (ia puntu bat gehiago) eta etxekoa, %14tik %15era.

Hori lortzeko bidean hiru alorretan banatu dituzte aurreikusitako ekin-tzak: administrazioari dagokionez, paisaia linguistikoan euskararen presentzia indartu eta herritarrekiko harremanetan jarrera proaktiboa izango du Udalak euskararekiko, "eredugarri" izateko; barne komunikazioan eta beste erakundeekin harremanetan ere euskararen presentzia indartu nahi dute, lan-tresna izan dadin. Arlo sozioekonomikoan, merkataritzako eta ostalaritzako eragileen euskarazko gaitasuna indartu nahi dute berariazko ikastaroen bidez eta hiri paisaia euskalduntzen jarraitu, dirulaguntzen bidez. Bestalde, turismo eragileekin eta auzo batzordeekin batera proiektuak definitu eta bideratu nahi dituzte.

Hirugarren lan ildoa aisialdia eta kirola dira eta hor lortu nahi dute saltorik handiena, haur eta gazteen erabilera bost puntu handitzea, alegia, %60 arte. "Giltzarria dira: euskaraz badakite, eta eskolako hizkuntza izateaz gain, beste esparruetarako hizkuntza ere izan dadila nahi dugu, naturaltasunez erabil dezatela", aipatu du Otamendik.

Horretarako, haiei zuzendutako eskaintza nagusia euskaraz izatea aurreikusten du plan orokorrak, begiraleak formatzea eta etorri berriek ere parte hartzeko neurriak hartzea.

Alor horretan azken urteotan antolatutako hainbat egitasmorekin gustura daude udaletxean. Kirol entrenamenduak euskaraz egiteko metodologia zabaldu da eta Parketarrak eta horren moduko ekimenak arrakastatsuak izan dira, beti ere, "bere txikitasunean".

Ezagu-tza handitzeko asmoz, familia transmisioa indartu nahi dute (sentsibilizazio ekintzen bidez eta kanpotik etorritakoekin lan eginda euskarara gerturatzeko); irakaskuntzaren alorrean, ahozkotasuna landu nahi dute ikastetxeekin batera eta aisialdian eta kirolean erabilera bultzatzeko ekin-tzak proposatu, gazteen euskarazko gaitasuna hobetzeko asmoz. Kanpotik etorritakoekin errefortzuak indartu nahi dituzte.

Alfabetatze eta euskalduntzeari dagokionez, xede bereziko ikastaroak antolatzea eta ahozkotasuna lantzeko ekimenak bultzatzea aurreikusten du planak, eta finantzaketa sistema egokia eratzeko beste eragile eta erakundeekin lan egitea. Doakotasuna aurreko planaren balantzean hobetu beharrekoen zerrendan dago, eta plan berriak hori ez aurreikustea kritikatu du EH Bilduk.

Azkenik, euskarazko sorkuntza eta kontsumoari dagokionez, kultur arloan eta zientzian euskarazko sormena bultzatzeko ekintzak eta euskarazko ekoizpena kontsumitzeko sentsibilizazio kanpainak egingo ditu Udalak. Euskarazko hedabideen garapen iraunkorra ahalbidetzeko neurriak hartzea ere aurreikusten du, dirulaguntzak edo kontsumitzeko eta prestigioa emateko kanpainen bidez. Corpusari dagokionez, toponimia osatu, bertako hizkera azaleratu eta kalitatea zaintzea dira helburuak. Euskara eta teknologia elkartzeko helburua duten ekimenak laguntzea ere bilatuko du eta, orokorrean, sentsibilizazioa ere landuko du, euskararen irudi positiboa eta marka zabalduz.

Euskararen Plan Orokorra diseinatzeko prozesua parte-hartzailea izan dela nabarmendu du Udalak, hainbat eragilek, auzoetako batzordeek, Euskararen Kontseilu Sektorialak eta norbanakoek egindako ekarpenak jaso dituela. Bestalde, egungo hiriaren errealitate soziolinguistikoa eta soziodemografikoa hartu da abiapuntutzat eta, hala, pandemiak izan duen eta izango duen eragina, euskararen normalizazioan ere, kontuan hartu behar dela dio.

Epe ertain eta luzeagora Donostiak izango dituen aldaketak ere aztertu ditu planak. Batetik, megajoerak (aldaketa demografikoak, teknologikoak, klima-aldaketa eta globalizazioa eta aldaketa geopolitikoak); eta, bestetik, baita joera sektorialak ere, gure hiriari zehazki dagozkionak: biztanleria zahartzen ari da, pertsona erretiratuak aktiboagoak dira (euskararen ezagutza baxuena dute), etorkinak sektore batzuetan kolektibo estrategikoa dira (zaintza munduan, ostalaritzan eta zerbitzuetan), prozesu teknologikoak indartuko dira...

Donostia kulturaren abangoardian jartzea aurrera begirako estrategiaren ardatzetako bat da, eta berrikun-tza eta zientzia ere bai. Gastronomiak indar handia du eta turismoarenak handitzen jarraitzen du: alor horretan, hiriaren estrategiaren ardatzetako bat identitatea indartzea da eta hor euskara ere sartzen da. Gero eta turista gehiagok bertako bizitza bizi nahi du, hiriaren nortasuna eta benetakotasuna bilatzen du.

Ezagutza. 2016ko Eustaten datuen arabera, ezagutzak nabarmen egin zuen gora 1986tik 2016ra: euskaldunak %26tik %46ra igo ziren; ia euskaldunak %19 izaten jarraitzen zuten; eta erdaldunak %54tik %34ra jaitsi ziren. Baina bereziki azken urteotan euskaldunen kopuruak aurrera egin duen moduan, erdaldunena ere igo da. Irakaskuntzan D ereduak gorako joerarekin jarraitzen du (lehen matrikulen %88 eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkun-tzako ikasleen ia %80 ari dira murgiltze ereduan) eta euskalduntzen eta alfabetatzen ari direnak ere hazi dira: iaz 4.316 ikasle izan zituzten euskaltegiek.

Erabilera. Soziolinguistika klusterraren kale neurketen arabera, gora egin zuen euskararen erabilerak 1989tik 2006ra, baina ordutik 2016ra behera egin zuen, %18tik %15era, hain zuzen ere. Haurrak dira gehien erabiltzen dutenak (ia %27k) eta adinekoek, gutxien (ia %7). Lehen hizkuntza euskara dutenen proportzioak behera egiten duen neurrian, behera egiten du erabilerak. Eta alderantziz: zenbat eta handiagoa izan etxeko erabilera, handiagoa da kalekoa. Donostian etxean euskara bakarrik jaso dutenak ez dira %20ra iristen eta horrek bakarrik ikaragarri baldintzatzen du erabilera.

Euskaraldia, 2018. Euskara ulertzen duten 16 urtetik gorako biztanleen (98.288 guztira, 63.435 euskaldun eta 32.853 ia-euskaldun) %18,3k hartu zuen parte 2018ko lehen edizioan, guztira 17.655 pertsona (12.852 ahobizi eta 4.803 belarriprest).

Hiztun berriak lortzea (edo sortzea). Euskararen ezagutza %46tik %50era handitu nahi dute; ulermena %65etik %68ra. Eta euskara ikasten ari direnen kopurua %5,4 horretan mantendu.

Gizarte-erabilera. Kale erabilera %15,2tik %16ra igo dadin nahi dute, aisian eta kirolean %55etik %60ra (haur eta gazteen artean) eta etxekoa %14tik %15era. Herritarren eta udal administrazioaren arteko harremanetan %25etik %27ra iritsi nahi dute eta establezimenduetako atxikimenduak %27,2tik %30era igo nahi dituzte. Aurtengo Euskaraldian parte hartuko dutenak %18,2tik %20ra igo-tzea nahi dute.

Euskarazko sorkuntza eta kontsumoa. Euskarazko hedabideen irismena eta udal administrazioak kudeatzen dituen euskarazko jarduerak ere handitu nahi dituzte, baina helburua kopuruetan eta ehunekoetan zehazteko lanean ari dira oraindik.

Euskararen hiria izanik, "normalizazio prozesuan eredugarri izan eta aurretik joateko erantzukizuna" dauka Gipuzkoako hiriburuak

"Garbi dago normalizazioak ez duela aurrera egingo instituzioek eta gizarte eragileek lanean jarraitzen ez badute", azaldu du Otamendik