- Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, Amara Berriko Isabel II.aren etorbidean egitekoak ziren berrikuntza lanak bertan behera geratuko dira Obra onartuta eta esleituta zegoen jada, Urbycolan enpresari ia 900.000 euroko aurrekontuarekin. Otsailaren 25ean hartu zen erabaki hori, baina kontratua sinatu baino lehen heldu zen alarma egoera.

Pandemiak eragin ekonomiko nabarmena izan du, baita Udaletxean ere. Batetik, aurrez ikusitako diru-sarrerak baxuagoak izango dira; bestetik, lehen ez zeuden behar berriei erantzuteko dirua ere beharko du. Hala, 2020. urterako onartutako aurrekontuan aldaketak egiteko eskatu zion Gobernuari kudeaketa ekonomikoko zuzendaritzak eta sinatu eta hasi gabe zeuden proiektuen artean, lehentasunak aukera zitzan. Txostena bidali zion irailean eskaera horrekin eta aurtengo diru-sarrerak %18,4 jaistea aurreikusten dutela esaten zuen idatziak.

Hala, Isabel II.ari dagokion proiektua ez dago interes publikoa kontuan hartuta lehentasuna duten "talde txikiaren baitan", eta kontratua ez sinatzea da "aukerarik egokiena momentu honetan". Astearteko Gobernu Batzordeak berretsiko du uko egiteko erabakia.

Dena den, kontuan hartuta Urbycolan enpresak lehiaketa irabazi zuela eta lanak esleitu zitzaizkiola, orain arte izandako gastuengatik kalte-ordaina dagokiola aitortzen du Udalak eta horiek bideratzeko espedientea abiatuko duela dio. Gainera, uko egitera behartu duen egoera ekonomikoa aldatzen ez den bitartean, Udalak ezingo du proiektu honentzat beste lizitaziorik bultzatu. Berrikuntzak, beraz, egoera hobetu arte itxaron beharko du.

Isabel II.aren berrikuntzaren helburua oinezkoentzako espazioa handitzea eta trafikoa murriztea dira batez ere, ingurua atseginagoa izan dadin. Irungo plazan ere aldaketak ikusten zituen proiektuak.

Hau ez da pandemiaren ondorioz bertan behera geratzen den egitasmo bakarra eta ikusi beharko da zer gertatzen den oraindik ere aztertzen ari diren hainbat ekimenekin.