- Hitzordua udaberritik udazkenera pasa arren, altzatarrek ez dute hutsiko egingo aurtengo XX. Bertso Aroara, hilaren 25ean abiatu eta urriaren 3ra arte amaituko dena.

Altzania kultur elkarteak, Altzako bertsozaleek, Bizarrain elkarteak eta Donostia Kulturak antolatutako saioek, hori bai, egungo egoerara moldatu beharra izan dute eta segurtasun eta osasun neurriak ezarriko dituzte.

Bertso Aroa Erradikalak ginen antzezlanarekin abiatuko da, irailaren 25ean. Ane Labaka eta Beatriz Egizabal bikoteak Tomasenen eskainiko du emanaldia, 20.00etatik aurrera. Hurrengo egunerako haurrentzako ekitaldi bat prestatu dute, Bertso jasa, bat bateko jolasa: publikoaren parte-hartzea bilatuko dute. Larratxoko kultur etxean 18.00etan izango da saioa eta sei eta hamabi urte bitarteko haurrentzat pentsatuta dago, batez ere.

Bertso jaialdi tradizionalentzat lekua ere izango da. Hala, hilaren 27an Altzako Plaza Gorrian (euria eginez gero, Larratxoko kultur etxean izango da) Aitor Sarriegi, Maider Arregi, Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga igoko dira taula gainera eta gai-jartzaile lanetan Gorka Segurola arituko da (18.00etan hasiko da). Saioaren amaieran bertsopaper lehiaketaren sari banaketa egingo dute.

Aurtengo Bertso Aroaren azken hitzordua urriaren 3an izango da: Miren Amuriza bertsolariak eta Askoa Etxebarrieta La Pulga dan-tzariak Gorria ikuskizuna eskainiko dute, bertsoa eta flamenkoa uztartzen dituena. Hori ere Larratxo kultur etxean izango da, 20.00etan. Ikuskizun horretarako sarrerek bost euro balio dute eta salgai daude jada, Donostia Kulturaren bidez online eta leihatila fisikoetan.

Gainerako ekitaldietara joan ahal izateko, doakoak badira ere, izena eman beharko da. Horretarako, Casares kultur etxera jo behar da eta haiekin harremanetan jarri telefonoz (943 351 149) edo posta elektronikoz (casareskulturetxea@donostia.eus).

Bertso Aroko antolatzaileek ekitaldi guztietan babes eta higiene neurriak hartuko dituztela ere azaldu dute, eta herritarren laguntza eskatuko dute bertaratutakoen esperientzia onena ziurta-tzeko. Hala, garaiz iristea gomendatzen dute, eserlekuetara ahalik eta erosoen iristeko (ilaran segurtasun distantzia mantendu beharko da). Eserleku horiek zenbakituak dira eta ezin izango da zutik egon.

Edukiera mugatua izango dute ekitaldi guztiek eta helbide elektronikoa edo telefonoa eskatuko zaizkie joaten direnei, erregistroa izateko. Gainera, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da sei urtetik aurrera eta sarreran gel hidroalkoholikoa erabilgarri izango da. Irteera ere mailaka egingo da, antolatzaileen argibideei jarraituz.

2001. urtean antolatu zuten lehenengoz Bertso Astea Altzan. Txirritaren inguruan aritu ziren lehen edizio hartan. Jaialdia egin zuten, bertso-afaria, hitzaldi bat eta erakusketa ere bai. Txalaka Berri elkartearen eskutik hasieran, Bizarrainek, Altzaniak eta Altzako Bertsozaleak elkarteek hartu zuten lekukoa ondoren, beti ere Donostia Kulturaren laguntzarekin. Afariak, saio bereziak eta jaialdiak urtero egin dituzte ordutik, kultur etxeak, elkarteak, plaza eta tabernak topaleku. 2009.ean, gainera, bertsopaper lehiaketaren lehen edizioa antolatu zuten.

Irailak 25 (20.00etan). Erradikalak ginen antzezlana, Ane Labaka eta Beatriz Egizabal bikotearen eskutik. Tomasene kultur etxean.

Irailak 26 (18.00etan). Sei eta hamabi urte bitarteko haurrentzako jarduera, Bertso jasa, bat bateko jolasa. Publikoaren parte-hartzea behar-beharrezkoa izango da. Larratxoko kultur etxean.

Irailak 27 (18.00etan). Bertso jaialdia Plaza Gorrian: Aitor Sarriegi, Maider Arregi, Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga. Gai-jartzaile lanetan, Gorka Segurola arituko da. Amaieran Bertso Paper lehiaketaren sari banaketa izango da. Eguraldiak laguntzen ez badu eta euria egiten badu, Larratxoko kultur etxean eskainiko dute saioa.

Urriak 3 (20.00etan). Miren Amuriza bertsolaria eta Askoa Etxebarrieta La Pulga dantzariaren Gorria ikuskizuna, bertsoa eta flamenkoa uztar-tzen dituena. Larratxoko kultur etxean. Sarrerek bost euro balio dute eta Donostia Kulturaren kanaletan daude salgai jada, online eta leihatila fisikoetan.