- Ikasturte honetan ikastetxeek segurtasuna bermatzeko espazio gehiago behar izanez gero, Donostiako Udalak hiriko kultur eta kirol instalazio publikoak eskaini dizkio Hezkuntza Sailari. Hala esan zuen atzo Eneko Goia alkateak, eta azaldu zuen Cristina Uriarte sailburuarekin zuzenean horri buruz hitz egin zuela pasa den astean: "Argi eta garbi adierazi diogu prestutasun osoa sailburuari, zuzenean, dauzkagun baliabideak eskain-tzeko eskolek izan ditzaketen beharrei erantzuten saiatzeko".

"Are gehiago: momentu honetan beste gauza batzuetarako erabiltzen ditugun espazioak horretara bideratu beharko bagenitu, lehentasunak lehentasun dira eta egingo genuke", gaineratu zuen alkateak.

Hala, "prestutasun osoa" adierazi dioten arren, Hezkuntza Sailaren zain dago orain Udala. Izan ere, eskaerak modu zentralizatuan eta koordinatuan Sailak berak egiteko eskatu zion Udalak, ez ikastetxe bakoitzak.

Hiri osoan guztira 50 ikastetxetik gora daude, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa jorratzen dituztenak. Haurreskolak ere badaude, baita helduentzako ikastetxeak ere.

Ba-tzuen eta besteen egoera desberdina izango da eta horregatik azpimarratu zuen Goiak Hezkuntza Sailari eskatu diotela haiek egin di-tzatela eskaera zehatzak beharren arabera. Hala, espazio falta duen ikastetxetik gertuen dagoen edo egokiena den instalazio publikoa eskaini ahal izatea litzateke asmoa, ikasturtea "behar bezala" eta "normaltasunez" has dadin laguntzeko. Edonola ere, Goiak zehaztu zuen kirol eta kultur instalazioak direla batik bat eskolei eskaintzeko dituztenak.

Hiri osoan hamalau kiroldegi baditu Udalak (itxiak), eta bestelako kirol instalazioak ere bai (frontoiak, futbol zelaiak...). Auzoz auzo hamaika kultur etxe ere baditu, Donostia Kulturak kudeatuta, baita liburutegiak, gazteleku eta haurtxokoak eta bestelako aretoak ere. Kasu bakoitzean aukerarik egokiena zein den ikusi beharko lukete.

Printzipioz, irailaren 7an hasiko da ikasturtea eta ordurako egun gutxi geratzen direnez, udal eraikinak utzi behar izanez gero, egin beharreko egokitzapenak azkar egin beharko dituzte. Momentuz, Hezkuntza Sailak esaten eta eska-tzen duenaren zain jarraituko du Udalak.