- Artikutzako ateak ez dira zabalduko aurten San Agustin egunean. Koronabirusa dela eta, ohiko ospakizunak bertan behera uztea erabaki du Donostiako Udalak, jende pilaketarik ez sortzeko.

Ostiralean (abuztuak 28) ospatuko du Artikutzak patroiaren eguna, baina aurten egun arrunta izango da, bisitaririk gabe. Normalean milaka izaten dira horrelako egunean Goizuetan kokatutako auzora hurbiltzen direnak, pilota partiduak ikusi, azokan erosi eta erromeria doinuekin dantzatzera, besteak beste. Izan ere, urtean zehar Artikutzara kotxez sartzeko baimen berezia eskatu behar bada, San Agustin egunean sarrera librea da eta Donostiako eta inguruko herrietako lagun askorentzat urteroko hitzordua da. Festa giro hori, dena den, ez da bateragarria egungo osasun egoerarekin.