Euskal Inauteriak euripean ospatu behar izan zituzten ostiralean. Zomorroekin urteroko ituna berritu zuen arratsaldean Lasarte-Oriako herriak, uztak bakean utz ditzaten eta datozen hamabi hilabeteetan bestelako ezbehar larririk gerta ez dadin. 

Egitarauaren une nagusia, ordea, 19.00etan iritsi behar zuen, baina euriak Kaxkamalo txantxoa salbatzea ekarri zuen. 

Euskal Inauteriak Ttakun Kultur Elkarteak, Udalak eta herriko zenbait eragilek elkarlanean prestatu zituzten. Aurten indarberritu nahi izan zuten eta bereziki jaiaren izaera tradizionala eta komunitarioa zaindu nahi izan zuten. Horretarako, eguna euskal tradizio honetarako erreserbatu zuten, bestelako ekimenik programatu gabe. Antolatzaileek bereziki nabarmendu zuten Euskal Inauteriek herriaren nortasunean duten pisua.

Mercero plazako karpa

Jardunaldia 16.45ean hasi zen Mercero plazan jarritako karpan, gaztetxoentzako txokolate-jana eta jolas saioekin. Aurretik, ordea, ikasleek beren emanaldia eskaini zuten, 15.00etan hasita, jaialdiari giroa emanez.

Esku dantza dantzatzeko prest. Aitziber Muga

17.30ean, helduak ere festara batu ziren, eta erromeria hasi zen eszenatoki berdinean. Dantza giroan, Euskal Inauterien inguruko testuingurua eskaintzeko, grabazio berezi bat entzun ahal izan zen festaren nondik norakoak gehiago ezagutu ahal izateko. Eduki horiek David Egizabalek eta Juan Luis Eizmendik idatzitako ipuin batean oinarritzen dira.

Atzoko ospakizunak, beraz, tradizioa, komunitatea eta sinbolismoa uztartu zituen, herritarrak erritu partekatu baten bidez elkartuz eta udaberriari ongietorria emanez.

Larunbata, konpartsen eguna

Larunbata inauterien beste egun handia ospatuko da eta herriko konpartsa eta taldeen unea iritsiko da. 12.00etan Oaintxe in Deu txarangak giroa berotuko du, Okendoko herri mozorro lehiaketari bide emateko. Konpartsen bazkari herrikoiaren ondoren Super Bingo jolasa hasiko da. 

17.30ean abiatuko da desfile nagusia, furgoneta mugikor musikal batek lagunduta Azkenik,eguna goizaldera arte luzatuko da Arranopola txarangarekin eta Disko Jaia batekin Mercero karpan 23.00etatik 02.00etara.

Horiek horrela, Manttangorri herri barruko autobusak zerbitzu berezia eskainiko du. Lehenengo bidaia 23.10ean izango da eta azkena 3.10ean. Gautxoria 40 minuturo aterako da Joakina Eneatik