bertan

Hiriko txokoak berraurkitzen

15.08.2020 | 23:50
Urgulleko Guardetxerako sarrera. Atea itxita dago azken hilabeteotan.

Uda garaian bisitari gehien izan ohi dituzten hiru gune berezi (kokapenarengatik, inguruarengatik edo eraikinarekin) aurten itxita daude: Zurriolako taberna, Uliako merenderoa eta Urgulleko guardetxea. Donostiako Udalarenak dira hirurak eta azken urteotan lehiaketa bidez aukeratutako kudeatzaileak izan dira hirurak martxan jarri dituztenak. Baina Udalari ordaindu beharreko kanonari ezin aurre egin eta haien kontratuak behar baino lehen amaitu zituzten bi kasutan; hirugarrenean, kontzesioaren epea amaitu egin zen. Hiru espazioek lehiaketa berri baten zain jarraitzen dute gaur egun, ateak itxita eta berriro zabaltzeko datarik gabe momentuz.

 

Zurriolako taberna

Laugarren urtez

Zurriolako etorbideko tabernaren kasua aipatzekoa da. Laugarren uda du itxita. ZM edo People moduan funtzionatu zuen lokalak 2016. urtearen bukaeran itxi zituen ateak, arduradunek alokairua edo kanona ezin baitzuten ordaindu. Lehiaketa deitu eta 2017an zabaldu nahi zituen berriro ateak, baina eraikinaren egoera uste baino okerragoa zela eta berrikuntza lan sendoagoak behar zituela ohartuta, lehiaketa bertan behera utzi behar izan zuten.

Ordutik, Udala instalazioak kudea-tzeko lehiaketa berria prestatzen ari da, baina baldintzak aldatu nahi ditu aukerak zabaltzeko. Helburua erabilera anitzagoak lortzea da eta, ostalaritzarako ez ezik, merkataritzarako gune bat ere izateko aukera ematea. Aldaketa horrek Kostaldeetako Zuzendaritzaren baimena behar du (Espainiako Gobernua) eta 2018tik horretan ari omen da Donostiako Udala. Quicksilver enpresa lapurtarrak interesa agertu zuen bere garaian, Donostian surf eskola, denda eta ostalaritzako negozio bat ireki-tzeko asmoa baitzeukan eta horretarako lekua aproposa izan liteke.

Zurriolako hondartza berritu ondoren zabaldu zuten ZM edo People izena izan duen eraikina, duela 25 urte, eta denbora honetan taberna, jatetxe eta kafetegi moduan egon da zabalik, baita diskoteka moduan ere azken urteotan, berandu ixteko baimenarekin.

 

Uliako merenderoa

Sastrakak eta mahaiak lurrean

Uliako merenderoaren kasua (Basollua edo Tiro de Pichón moduan ere ezaguna) antzekoa da. Taberna eta jatetxea kudeatzen zutenekin kontratua bertan behera utzi zuen Udalak uztailean, baina lehenagotik zegoen itxita, iazko udazkenetik. Kudeatzaileek ezin izan dute adostutako kanona ordaindu eta azaroan jada jakinarazi zioten Udalari ezingo zutela sinatutako hamar urteko kontratua bete.

Urte luzez hegaztiei tiro egiteko leku izan zen Uliako merenderoa eta gero platerari tiro egiteko erabili zuten eraikinaren aurreko plataforma. Basollua elkartearen egoitza ere izan zen urte luzez eta urte horietan nolabaiteko taberna moduan ere funtzionatu zuen (barra zeukan bisitarien-tzat).

2009. urtean Donostiako Udalak eraikina guztiz berritu egin zuen eta 2011.ean zabaldu zituen berriro ateak, merendero eta jatetxe moduan. Uliako interpretazio zentrotik gertu eta jolas-parkearen ondoan, Ulia bisitatzen zuten askok egiten zuten bertan geldialdia eta familia askorentzat ere topaleku eta jolasleku izan da urte hauetan. Ikusteko dago orain Udalak berriro eraikinaren kudeaketarako lehiaketa deitzen duen eta zein baldintzetan. Bitartean, egunotan mahaiak eta aulkiak lurrean botata eta sastrakak hazten ikusten dituzte bisitariek.

 

Guardetxea

Kontzertuak bakarrik ez

2019ra arte Banda Bat elkarteak kudeatu du Urgulleko Guardetxea, Gastronomikatik gora dagoen eraikina. Iaz amaitu zen hamar urteko azken kontzesioa eta jarduera eten egin zen, lehiaketa berriaren zain eta eraikinean egitekoak ziren obren zain. Teilatua eta irisgarritasuna hobetzeko asmoa zeukan, besteak beste, Donostiako Udalak.

Banda Bat elkarteak lehiaketa berrira bere proposamena aurkezteko asmoa zeukan, baina haserrea agertu du aste honetan bertan egoera luzatzen ari dela eta guardetxeak itxita jarraitzen duela ikusita. "Utzikeria" salatu du, alde batetik konponketak ez direlako abiatu eta aspalditik aurreikusita zeudelako eta, haien ustez, Udala eraikina "dibisa politiko" moduan erabiltzen ari delako ere bai, Parte Zaharreko beste taldeei eskaini omen dielako. Bien bitartean eta haren etorkizuna argitu arte, Guardetxea hutsik eta hondatzen jarraitzen duela dio elkarteak.

XIX. mendean sortutako eraikinak erabilera militarra izan zuen eta, ondoren, Urgull mendiko zaindariaren etxe bihurtu zuten. 2007. urtean su hartu zuen eta, eraikina berrituta, Banda Bat elkarteak jarduera kulturalarekin jarraitu zuen. Kontzertuak bakarrik ez, bestelako jarduerak, topaketak eta tailerrak ere antolatzen zituen, kulturaniztasuna ardatz.

banaka

Zurriolako taberna. Eraikinaren kudeaketarako lehiaketa deitu nahi du Udalak, baina aukerak zabaltzeko, merkata-ritza ere baimendu nahi du bertan (ez ostalaritza bakarrik) eta horretarako Kostaldeetako Zuzendaritzaren baimena behar du. Laugarren uda du itxita garai bateko ZMk.

Ulia. Uliako interpretazio zentroaren eta jolas-parke baten ondoan, inguru paregabea zen familientzat eta Uliako bisitarientzat. Udazkenean itxi zituen ateak, arduradunek ezin ziotelako adostutako kanonari aurre egin. 2011. urtean zabaldu zuten, berrikuntza lan sakonak egin ondoren.

Guardetxea. Kontzetsioa amaituta, lehiaketa berria atzeratzen ari da eta obrak ere egin nahi ditu Udalak. Banda Bat elkarteak bere proiektuarekin jarraitu nahi du bertan eta Udalari utzikeria egotzi dio, eraikina itxita daukalako.

Udala. Hiru eraikinak Udalarenak dira eta hiru kasuetan lehiaketa bidez esleitu zuen kudeaketa bere garaian. Formula hori beste hainbat kasutan ere erabiltzen du, ez bakarrik ostalari-tzan. Adibidez, argitaratu berri du Zuhaiztiko kiroldegia kudea-tzeko lehiaketa berria.