- Udalaren webgunearen bitartez Donostiako udaletxea birtualki bisitatzeko aukera dago. Alderdi Ederreko sarrera nagusitik abiatu, eskailerak igo, Udalbatza aretoan sartu, harrera gelan ondoren eta balkoitik begiratu. Ibilbide hori egiteko aukera dago jada, ordenagailuaren bitartez.

Hiruditek enpresa donostiarrak sortu du tresna, 3D teknologiari esker. Borja Iriartek azaldu zuenez, tour birtuala inmersiboa da, hiperrealista, eta bisitariari bertan dagoela sentiarazi nahi dio: "Teknologia horri esker, erabiltzaileak ikusmen guztiz naturalarekin hauteman dezake espazioa, berez den bezala, eta bere espazioak, erosotasunak eta ezaugarriak erabat esperimentatu ditzake, tokian benetako presentzia sentituz".

Jon Insausti Kultura zinegotziak azaldu zuenez, Donostiako eraikin enblematikoa herritarrei teknologia berrien bidez modu guztiz irisgarrian hurbiltzea da helburua. Egin izan zituzten bisita presentzialak bere garaian eta horiei berrekiteko asmoa zeukan Udalak, Insaustik azaldu zuenez, baina pandemiaren ondorioz ezin izan dutenez egin, bisitak birtualki eskaintzea erabaki zuten.

Bisitan zehar eraikinari buruzko informazio historikoa ere jasoko dute erabiltzaileek (argazki zaharrak eta xehetasunak) eta informazio osagarri hori guztia zabaltzen joango direla esan zuen Insaustik.

Hiruditek enpresarekin Txomineko etxeen bisita birtualak garatu zituen Udalak eta esperientzia horren ondoren erabaki zuten udaletxearena ere egitea. Hemendik aurrera beste eraikinetan ere antzekoak prestatzea aztertuko dute, San Telmo Museoan, esaterako.