Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du, 2021erako zerga arauen gaineko udal gobernuaren proposamena. Eta udal gobernuak proposatzen du bataz beste presio fiskala %1,1 handitzea. Horrela aditzera eman dute Donostiako alkate Eneko Goiak eta Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan.

Goiak azaldu du, udal zerga arauen aldaketak egin ohi direla KPIaren eta BPGaren aurreikuspenak, eta hainbat zerbitzuk duten defizita kontuan hartuta. Hortaz, honakoa esan du: "Bizi dugun egoera eta 2021erako KPIaren eta BPGaren aurreikuspenen gaineko zalantzak kontuan hartuta, erabaki dugu udal zerga eta tasak oso gutxi aldatzea. Eta beraz, proposatutako batez besteko aldaketa 2021erako aurreikusitako KPIaren (%1,1) araberakoa izango da, eta BPGaren (%1,8) aurreikuspena baino txikiagoa.

Zerga arauen aldaketaren ondorioz, Udalak aurreikusten du 1,8 milioi euro gehiago jasotzea. Eta horri esker, Udalak egoera finantzario onari eutsiko dio, betiere, kontuan hartuta Covid-19 osasun-larrialdiak sortutako egoera.

Tasak

Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak azaldu du, tasa gehienak bere horretan mantenduko direla (Ura, TAO, Garabia, jarduera lizentziak, aulkiak eta mahaiak, ibiak) eta, aldiz, defizit handia duten tasak %3 handituko direla; hain zuzen ere, hondakinen bilketaren eta saneamenduaren gaineko tasak.

Dominguez-Macayaren esanetan, bi tasa horiek handitzea hainbat urtetan gertatu da, eta aurtengo hazkundearekin aurreikusten dugu zerbitzu hauen defizita gutxitzea eta %14 izatera pasatzea.

Aldatuko diren gainerako tasak honakoak izango dira: Jabego Publikoaren Okupazioa aldamio edo hesiekin egiteko tasa %10 handituko da, eta %20 baldin eta publizitatea jartzen bada aldamioan. Gainera, aparkatzeko egoiliarren txartelaren gaineko tasa %10 handituko da, eta ondorioz, 60 euroko kostua izango du.

Zergak

Udal-zergei dagokienez, Dominguez-Macayak segidakoa azpimarratu du: "OHZ-ren gaineko zerga bakarrik aldatuko da, eta %1 handituko da". Egun, Donostian batez beste etxebizitza bakoitzeko 278,75 euro ordaintzen dira, eta ondorioz, hiria OHZ gutxien ordaintzen duten Estatuko hamar hiriburuen artean dago.

Horiek horrela, nobedade nagusiena izango da OHZn etxebizitza hutsei ezartzen zaien gainordaina. Iaz Udal gobernuaren eta EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeen arteko akordioaren ondorioz, gainordaina %50ean ezarri zen, eta Udal gobernuak proposatu du 2021ean gainordaina %100ekoa izatera pasatzeko. Dena dela, OHZren gaineko zergak dituen hobariak eta salbuespenak bere horretan mantenduko dira.

Hori izango da aldatuko den udal-zerga bakarra. Izan ere, IAE delakoa, Ibilgailuen gaineko zerga, ICIO delakoa eta Gainbalioen gaineko zerga bere horretan mantenduko dira. Horren harian, Ogasun eta Finantzetako zinegotziak honakoa esan du: "Zerga horiek guztiak ez handitzeko erabakiaren arrazoia da, gehienbat ekonomia-jarduerari zuzendutako zergak direla eta helburua dela hiriko ekonomia-jarduera ez kaltetzea, hain zuzen ere, konfinamenduak eragindako geldialdia gainditzen saiatzen ari den ekonomia-jarduera".

Egutegia

Behin Tokiko Gobernu Batzordeak proposamena onartuta, udal taldeei aurkeztuko zaie eta taldeek 10 egun izango dituzte zuzenketak edota arau proposamenak egiteko. Jarraian, irailaren lehenengo astean jardunaldi irekia egingo da hiritarrei proiektua azaltzeko. Ondoren, irailaren 8rako aurreikusita dagoen Ogasun batzordean eztabaidatu eta onartuko dira zuzenketak eta arau proposamenak. Eta azkenik, irailaren azkeneko asteko udalbatzan proiektuari hasierako onarpena emango zaio, eta beharko balitz, behin betiko onarpena abenduan egingo litzateke.