DONOSTIA. Koronabirusaren pandemiak nolako eragina izango duen inork ez dakien arren, Donostiako Udalak Gabonetako Azokan parte hartzeko izena emateko epea ireki du dagoeneko. Irailaren 15era arte eman ahal izango da izena. Aurtengo edizioak bi helburu argi ditu: Donostiaren, bertako denden eta ostalaritzaren ekonomia suspertzen laguntzea eta hiritarrei ilusioa berreskuratzen laguntzea bizitako azken urte gogorraren ondoren.

Horregatik, Donostia Sustapenak nahi duten tokiko negozioei, edo eskaintza berezia duten kanpotarrei, Urumea pasealekuan eta enparantzan, Santa Catalina eta Maria Cristina zubien artean, jarriko diren Gabonetako 38 etxolak edo 4 food-truckak erabiltzeko aukera ireki die.

Egungo testuinguruan, Donostia Sustapena esfortzu handia egiten ari da Gabonetako Azokan pandemiak gogor zigortu dituen sektore batzuei negozio aukera hori emateko. Horrez gain, hiria sustatzeko, bisitariak erakartzeko eta tokiko ekonomia aktibatzeko gai den jardueren agenda erakargarria eratzeko proiektu berritzaileak garatzen dihardu.

Honakoen salmentari dago zuzenduta azoka:

  • Gabonetako jaki tipikoak, sasoikoak, gozokiak eta gozogintza, gastronomia, aparteko kontserbak, fruitu lehorrak eta elikadura, oro har.
  • Opariak, dekorazioa, lorezaintza, brokantea, urregintza, zeramika, moda eta pintura.
  • Gabonetako apaindura, belenak eta osagarriak, Gabonetako loreak, zurezko jostailuak...

AZAROAREN 28TIK AURRERA

Etxolak eta food-truckak 2020ko azaroaren 28tik 2021eko urtarrilaren 6ra arte irekiko dira. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an ezik, non kontzesioa duenak nahi izanez gero itxi ahal izango duen. 11:00etatik 21:00erako tartean irekiko dira saltokiak. Oinarrietan, horrez gain, derrigorrez irekitzeko ordutegiak zehaztuko dira. Oinarri hauek argitaratuta daude hurrengo webguneetan: www.fomentosansebastian.eus eta www.donostiagabonetakoazoka.eus.

Gabonetako Azokan erakusketari gisa parte hartzeko, eskakizuna telematikoki aurkeztu beharko da www.fomentosansebastian.eus webgunean 2020ko uztailaren 15etik irailaren 15era.