Donostiako portuan lanean jarraitzen duten hiru ontzi bakarrik daude. Egoera horretan, zerbait berria egitea erabaki du Opegik, Gipuzkoako Itsasbazterreko Arrantza Ekoizleen Erakundeak. "Merezi du", kontatu du Martxel Arozena koordinatzaileak: "Oraindik bizirik gaude eta baxurako arrantza balioan jarri nahi dugu, gizarteari egiten duguna erakutsi". Gazteengana ere gerturatu nahi dute, lanbidea ezagutu dezaten eta belaunaldi berriak sar daitezen ontzietan.

Asmo horrekin zabaldu dute Kofradia Itsas Etxea portuko Portaaviones eraikin berrituan, Gipuzkoako eta Bizkaiko ontziek arrantzatzen dutena saldu eta dastatzeko. Hala, sasoiko arraina jateko jatetxea eta taberna daude eta euskal enpresek ekoiztutako kontserbak eta semikontserbak saltzeko denda ere bai. Baina horiez gain, Kofradiak egingo duen dibulgazio lana nabarmendu nahi du Arozenak, ikasi eta esperimentatzeko gune izan nahi baitu Itsas Etxe berriak.

Hala, oinarrizko informazioa ematen duten pantailak jarri dituzte eta datozen egunotan betaurrekoak jarri eta ibilbide birtual bat egiteko aukera eskainiko dute, antxoa nola harrapatzen den 360 gradutan ikusi ahal izateko. Hegaluzearen bideoa ere prestatzen ari dira eta jarriko dute ikusgai.

Jarduerak

Arrantzan, bertatik bertara

Tailerrak egingo dituzte, sasoiko produktuak ezagutu eta horiek prestatzen ikasteko, beste batzuk saregileekin... Lonjetara bisitak, katak... Koronabirusak prestatutako ekimen batzuk atzeratu egin ditu, baina eskoletako umeekin ere ikastaroak eta bisitak antolatu nahi dituzte datorren ikasturtean, Aquariumarekin eta Itsas Museoarekin elkarlanean.

Donostiako portuko ontzi batekin ere lanean ari dira eta haien asmoa da Isturitz Berrian bisitariak eraman ahal izatea, zazpi orduko irteera batean arrantzaleen lana bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Ontzian moldaketak egiten ari dira eta asmoa da datorren urtean bisita horiek egin ahal izatea. "Nondik gatozen eta zer garen bakarrik ez, norantz goazen ere erakutsi nahi dugu, etorkizunera begiratu nahi dugu", kontatu du Arozenak, eta hor kokatu ditu horrelako ekimenak.

Jarduera guztiak sasoiko produktuarekin lotuta egongo dira: berdela eta antxoarekin otsailetik maiatzera eta hegaluzea eta hegamotzarekin udan eta udazken hasieran. Neguko hilabeteotan, ketuak eta kontserbak landuko dituzte batez ere. Hala, jatetxean, esaterako, lehen aste hauetan hegaluzearekin egindako platerak bakarrik prestatuko dituzte.

Opegik kudeatuko du zuzenean Itsas Etxea eta horretarako lantalde berezia sortu du, esperientzia berriari heltzeko. Atzo zabaldu zituzten ateak lehenengo aldiz Kaiarriba-Donostiarra traineruaren aurkezpenerako eta gaurtik aurrera herritar eta bisitarientzat ere zabalik izango dira jatetxea, denda eta lehen tailer eta jarduerak.

Opegik kudeatuko du zuzenean Kofradia eta, besteak beste, antxoa nola arrantzatzen den ikusteko bisita birtuala antolatu dute