Kresala elkartea interes publikoko udal entitatea da . Hala onartu zuen Donostiako Udalak pasa den astean. Besteak beste, hiriaren interes publikoari laguntzen diola aitortzen du horrek. "Formalismoa da, baina izendapena errekonozimendu bat ere bada" elkartearentzat, Pako Sexmilo lehendakariaren esanetan.

Mende erditik gora darama Euskal Herria kaleko egoitzatik lanean Kresalak, kultur arloan eta jaietan bereziki, Parte Zaharrera eta hiri osoari begira normalean. "Elkarte gastronomikoa baino gehiago gara, kulturan egiten dugun lana da garrantzitsuena guretzat", aitortu du Sexmilok. Eta lan horretan jarraitzeko konpromisoa eskatzen diete, hain zuzen ere, Kresalara gerturatzen diren gazteei, egindako lanari jarraipena emateko, alegia.

Lan hori 1967.ean hasi zuten: "Elkarbizitzarako, elkarrizketarako eta konpromisorako plataforma" gisa sortu zuten auzoko gazteek, Jesus Aldanondo San Bizenteko parrokoaren laguntzarekin, diktaduraren azken urte haietan aldatzen ari zen gizarteari erantzunak ematen laguntzeko gune izateko asmoz. Eta orduko sistemarentzat deseroso zirelako edo, hiru eraso ere jasan zituen Kresalak lehen urte haietan. "Hori izan zen gure puntu beltza, baina ordutik urte asko pasatu dira", kontatu du Sexmilok.

Hitzaldiak eta eztabaidak antolatzen jarraitu zuten, feminismoari buruz, abortuari buruz, ekonomiari buruz... Euskara erabiltzeko eta sustatzeko ekintzak eta kultur jarduerak indartzen hasi ziren, dantza taldea, besteak beste; baita kirol jarduerak ere. Jaiei dagokienez, urtero Parte Zaharrean kalera ateratzen den Inude eta Artzainen konpartsa ere haiek bultzatu zuten. Santa Ageda, Kaldereroak eta Inauteriak berreskuratzen ere lanean aritu zen Udalarekin, baita Olentzeroren inguruko ekitaldietan ere. Urtero Karmen egunean arrantzaleei kaian egiten zaien omenaldian ere parte hartzen du dantza taldeak.

Baina beste jai bati lotuta egon zen Kresalak hiriari egindako ekarpen nagusienetako bat: 1980. urtean danborrada sortu zuten eta, elkartearen irizpideei jarraiki, mistoa izan zen hasieratik. Danborradak islatzen duen errealitate horretan emakumeak ere egon bazeudela aldarrikatu nahi zuten eta urketariaren figura sortu zuten. Txaloak jaso zituzten lehen urte hartan, baina txistuak eta kritika zorrotzak ere bai. Poliki-poliki zabaltzen joan den bidea ireki zuten, duela 40 urte.

Mintegiak prestatzen jarraitzen du hordutik Kresalak (adinekoen zaintzaileentzat, adibidez), sukaldaritza tailerrak, bazkari solidarioak... Zinekluba ere sortu zuten (gaur egun bide propioa duena), mendi irteerak...

Hiriari hainbat alorretan egindako ekarpena aitortzeko Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuen Kresalak 1998. urtean, hain zuzen ere, San Sebastian eguneko ospakizunen baitan. Aste honetan Udalak onartutako interes publikoko entitate izendapena beste errekonozimendu bat da, Kresalak berak abiatutako hilabeteotako prozesuaren ondoren. Eusko Jaurlaritzan ere egin dute eskaera, interes publikoko izendapen hori lor-tzeko, baina, kasu horretan, prozesua konplexuagoa eta luzeagoa izango da.

Etorkizuna

Egoitza berritzea

Urte hauetan guztietan Donostiako Udalarekin elkarlanerako prest agertu direla esan du Sexmilok, jaietan edo kultur ekitaldietan parte hartuz edo aipatutako Inude eta Artzainen konpartsa sustatuz, adibidez. Haien elkarteko ateak beti zabalik daudela ere nabarmendu du, behar duten pertsonek, elkarteek edo eragileek erabiltzeko.

Baina Euskal Herria kaleko egoi-tzak, elkarteak bezala, 50 urtetik gora ditu eta zaharkitua geratu zaie. Berritzeko asmoa daukate. Hala, izendapen berria lanak abiatzeko laguntzak lortzeko mesedegarri izatea espero dute.

Izan ere, mende erdiko ibilbidearen ondoren, aurrera jarraitzeko indartsu eta gogoz daude. "Gazte asko daude elkartean", aipatu du lehendakariak, pertsona bere osotasunean ulertu eta kulturaren arlotik haien ekarpena egiteko prest. 600 bazkide eta 1.300 kide inguru (bazkidearen familiakoak ere kide baitira) ditu Kresalak gaur egun.