- Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketako sari-banaketa birtuala egin zuten atzo. Saritutako haur eta gazteek grabazioak bidali zituzten haien lanak irakurriz edo laburbilduz, eta Sara Cozar aktoreak egin zituen aurkezle lanak hutsik zegoen udaletxeko Udalbatza aretoan, Iñaki Salvadorrek eta Ainara Ortegak musika dotorez lagunduta. Eneko Goia alkateak eta Jon Insausti Euskarako zinegotziak ere zoriondu zituzten saritutakoak (etxean jaso dituzte sariak). Familia argazkia ere egin zuten, modu birtualean.

Aurten, lehiaketaren 31. edizioan, 22 lan saritu dituzte (sei komiki, bi olerki, sei ipuin, lau bertso eta lau mikroipuin) eta 39k aipamen berezia jaso dute. Liburuxka birtual batean bildu dituzte, www.donostiaeuskaraz.eus webgunean eskuragai dagoena.

Guztira 1.244 lan aurkeztu dituzte, iaz baino 200 gehiago, eta hiriko 24 ikastetxeko ikasleek parte hartu dute. Epaimahaia Iñaki Martinarena Mattin komikigileak, Beñat Gaztelumendi bertsolariak eta Yolanda Arrieta, Ana Malagon, Inazio Mujika eta Arantxa Urretabizkaia idazleek osatu dute.

14-18 urteko kategorietako irabazle eta aipatuek literatura lantegi batean parte hartzeko aukera izango dute. Denentzako lekurik ez dagoenez, zozketa egingo dute eta irabazleek Zugarramurdin antolatuko den lantegian parte hartu ahal izango dute, Eusko Jaurlaritzaren Urruzuno Literatura Lehiaketako irabazleekin batera.