- Atzo zabaldu zituzten ateak Donostiako kiroldegietako gimnasio publikoek eta gaurtik aurrera gehienezko edukiera handitu eta aldagelak eta dutxak ere erabilgarri izango dituzte. Lehen orduetan bakarrik, 1.000 pertsonatik gora izan ziren erreserba egin zutenak kiroldegira joateko.

Atzo %50eko edukiera baimendu zuten Donostia Kirolaren sareko gimnasioek, baina Eusko Jaurlaritzaren dekretuan ezarritakoari egokituta, gaurtik aurrera %60ra handituko dute gehienezko edukiera. Horrek esan nahi du 2.830 pertsonak erabil ditzaketela gimnasioak egunean.

Dekretuak aldagelak erabiltzeko baimena ere ematen du eta, hala, horiek ere zabalduko dira gaurtik aurrera, betiere erabiltzaileen artean gutxienez bi metroko distantzia bermatuz. Hala, aldagelen atean segurtasun neurri horiek bermatzeko gehienez zenbat pertsona egon daitezkeen jarriko dute eta kopuru horiek errespetatu beharko dituzte erabiltzaileek.

Erabiltzaile bakoitza 60 minutuz aritu daiteke gimnasioan eta ondoren 10 edo 15 minutuko tarte bat uzten da erabiltzaileen joan-etorriek bat egin ez dezaten.

Atarian alfonbra desinfektatzaileak ere jarri dituzte, eskuak garbitzeko gela eta lainoztagailuak ere bai, makinetan botatzeko. Ohi baino garbiketa gehiago eta sakonagoak ere egiten dituzte eta txanda batzuetan ezin da erreserbarik egin garbiketa lan horiek egin ahal izateko. Bestalde, erabiltzaileei bi toalla eramateko eskatzen zaie, bat haien erabilera pertsonalerako eta bestea makinekin kontaktua ekiditeko. Maskara ere eraman behar dute kiroldegi barruan, kirola egiten ari direnean izan ezik.

Pantailak jarri dituzte gimnasioen sarreretan eta kiroldegien atarian eta hor unean uneko edukiera zein den agertzen da. Donostia Kirolaren webgunean ere ikus daiteke areto bakoitzean zenbat pertsona dauden.

Lehen egunean erabiltzaileen erantzuna ona izan da Donostia Kirolaren iritziz. Ordua hartzeko sistema igandean aktibatu zuten webgunean (telefonoz ere egin zitekeen) eta atzo eguerdirako 1.000 pertsona baino gehiagok hartu zuten ordua kiroldegira joateko (kirol txartelaren abonatuek dute, momentuz, joateko aukera).

Bestalde, barruko igerilekuak hilaren 22an irekiko dituztela iragarri zuen atzo Donostia Kirolak. Berez, dagoeneko piszinak irekitzeko aukera badago (aurrez ordua hartuta), baina urteko garbiketa eta mantenu lanak egiteko baliatu du geldialdia Donostia Kirolak eta, horiek bukatuta, hilaren 22an zabalduko dituzte (horrela ez dituzte berriro itxi beharko udan zehar).