- 150 urte betetzen ari da aurten Union Artesana elkartea eta hainbat ekitaldi zituen prest urte osorako urteurren berezia ospatzeko. Batzuk bertan behera geratu dira baina, egoerara egokituta bada ere, ekitaldi berezia antolatu du datorren ostegunerako. Hori bai, birtuala izango da.

Maiatzaren 14a aukeratu dute egun horretan sortu zelako elkartea. 19.00etan hasiko da ekitaldia, eta sorpresaz beteta egongo dela iragarri dute. Artesanaren Facebookeko helbidean jarraitu ahal izango da.

Artesanak azaldu nahi izan du berez ekitaldia ez dagoela bakarrik bazkideei zuzenduta, herritar guztiei baizik, 150 urte hauetan elkartearen historian Artesanaren ondoan egon direnei eta donostiar guztiei.

Urtarrilaren 20an, San Sebastian Egunean, abiatu zituzten ospakizunak eta hiriaren bandera ere jaso zuten, errekonozimendu moduan. Mende eta erdi honetan bizitakoak biltzen dituen egutegi berezia eta bideoa ere sortu dituzte.

Martxoan, apirilean eta maia-tzean ere hainbat hitzordu zituzten prest, baina bertan behera utzi behar izan dituzte osasun-krisiarengatik. Ikusteko dago udarako prestatu zituztenak egiteko aukerarik duten, baina bestela ere ospakizunekin datorren urteko San Sebastian Eguneraino jarraitu nahi dute: orduan beteko dira 150 urte haien lehen danborrada atera zenetik, egungo egitura eta soinu bandarekin. Gainera, Sarriegi plazan urketariaren eskultura ere jarriko dute danbor-jolearen ondoan.