- Gaur egun udaletxea denak eta garai batean hiriko Kasino Handia izan zenak gaixoak hartu zituen duela ia 100 urte. Orduan ez zen pandemiagatik izan, gerragatik baizik. Marokotik zauritu asko heltzen ziren eta horiek artatzeko egokitu zuten ordura arte kasino zena. 1924. urteko irailean hasi zituzten egokitzapen lanak, jokoa debekatu, kasinoa bera itxi eta gutxira.

Kasu horretan, Espainiako Maria Cristina erreginak eskatuta utzi zuen Udalak kasinoaren eraikina, baina herriak egindako lagapena zela nabarmendu nahi izan zuten udal agintariek. Orain ere Udala izan da María Cristina Hotela Osakidetzari utzi diona (kudeaketa Marriott kateak daraman arren, hotelaren eraikina Donostiako Udalarena baita).

Gurutze Gorriak hartu zuen behin-behineko ospitalea kudeatzeko ardura eta 318 ohe prestatu zituzten. Bertan artatutako soldadu asko euskaldunak ziren eta Donostiako tren geltokira frontetik zetozen hiru espedizio iritsi ziren urrian bertan.

Bestelako eraikin eta etxeak ere bihurtu zituzten ospitale urte haietan María Cristina erreginak hala eskatuta. Adibidez, Antiguako Txillardegi etxea (gaur egungo Gaskonia plazan zegoen): Matia kalean zuen ospitalea txiki geratu zitzaion Gurutze Gorriari eta ondoan zegoen Txillardegi etxea utzi zioten orduko jabeek ohe gehiago izan zitzaten. 1921. urtean izan zen hori.

Miramar Jauregiko gela batzuk ere bihurtu zituen ospitale urte haietan María Cristinak Marokoko gerran zauritutakoak artatzeko eta, hala, lau ospitale kudeatu zituen Gurutze Gorriak hirian: Matia kalekoa, Txillardegi etxea, Miramar Jauregia eta Kasino Handia.