donostia - Donostiako Udalak atzo onartu zuen Zubietan hockey zelaia egiteko proiektua. Hipodromoaren ondoan kokatuko da, 300 pertsonentzako harmailak izango ditu eta Tokio 2020ko Joko Olinpikoetan erabiliko duten belar mota jarriko dute. Lanek 3,5 milioi euroko aurrekontua dute eta, printzipioz, udazkenean hasi eta 2021eko irailerako edo urrirako bukatuta egon beharko lukete.

Eneko Goia alkateak azaldu zituen atzo Lorenzo Goicoecheak idatzitako proiektuaren nondik norakoak. "Nazioarteko norgehiagokak hartzeko prestatuta egongo da", nabarmendu zuen alkateak. Aurten Urrezko Danborra jaso duen Realeko hockey taldearen beharrei erantzungo diela gaineratu zuen.

Zelaia ureztatzeko zortzi kainoi izango ditu eta, jasangarritasuna bilatuz, euriaren ura pilatu eta berrerabiliko dute eta ur biltegia sortuko dute horretarako. Jasangarritasunaren udal ordenantza beteko du horrela zelai berriak, baita Espainiako Hockey Federazioak ezarritako betebeharrak ere. Bestalde, lau argiztatze dorre izango ditu eta horietan led argiak jarriko dituzte.

Harmailez gain, eraikin bat ere izango dute jokalariek eta erabiltzaileek eta bertan aldagelak, komunak, biltegiak, bulegoak eta antidopin kontrolak egiteko gela ere egongo dira, besteak beste.

sarbideak Proiektua onartuta, bi edo hiru asteko epean lanak gauzatzeko lehiaketa deituko duela Udalak azaldu zuen Goiak atzo. Obrak esleituta, udazkenean (irailean edo urrian) hastea espero duela ere esan zuen. Urtebeteko iraupena izango dute ondoren Zubietako lanek.

Udal Gobernuak beste proiektu bat ere onartu zuen atzo, aurrekoarekin lotuta: zelai berrira iristeko oinezkoentzako eta bizikletentzako sarbideak eraikitzeko plana, alegia. 70.000 euroko aurrekontua izango dute lan horiek (Lorenzo Goicoecheak berak idatzi du proiektua) eta hipodromoaren zubitik zelaiaren sarreraraino helduko da bide berria.

Bestalde, datorren urtean Merkear zelaia eraikitzen ere hasiko dira, Altzan, futbolean eta rugbyan aritzeko.