Gaur egun Artikutzako urtegiak goiko aldean dituen bi gainezkabideetako bat beheraino luzatuko dute, erreka bertatik pasa dadin paretaren beste alderaino (30 metroko zabalera dauka beheko aldean). Gainera, ondoan oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabidea ere sortuko dute, pareta zeharkatuko duena: pasarela moduko bat egingo dute errekaren gainetik beste aldera igarotzeko.

Hori izango da, azkenik, Enobietako urtegia deuseztatzeko aukeratutako soluzioa. Proiektuaren erredakzioa enkargatuko du Donostiako Udalak datozen egunotan eta lan horrek hilabete batzuk hartuko ditu (sei eta hamar bitartean, teknikarien arabera). Ondoren, lanak beraiek esleitu beharko dituzte eta, hala, obra hori 2021. urtean zehar abiatzea espero dute.

Orain arte egindako lanaren berri izateko eta hemendik aurrerako asmoak lekuan lekutik ezagutzeko, udal talde politikoetako ordezkariek (Eneko Goia alkatea buru) bisita egin zuten atzo Artikutzara. Arturo Elosegi EHUko katedradun eta ibaien ekologian adituak azken urteotan egindako azterketen berri eman zien. Batez ere, bertako baso helduen balioa nabarmendu zuen (Europan ez daude horrenbeste) eta horiek erreketan duten ondorioa: kutsatu gabeko ingurua da Artikutza, habitat aberatsa daukana, "altxor" handi bat. Egoera onaren erakusle da, adibidez, desman piriniotarraren poblazioa (arriskuan dagoen espeziea da baina Artikutzan kopuru polita dago).

Errekan zeuden zazpi presa txikiak botatzeko gomendioa jarraitu zuen Udalak eta, azken urteotan, oztopo horiek kenduta, hobera egin du egoerak. Enobietako urtegiaren etorkizuna aztertu behar izan zuten ondoren: erabili gabe zegoen eta mantenu lanak egin gabe azken urteotan. Segurtasuna bermatzeko, lan potoloak egin behar zituen Udalari. Guztira (ondorengo urteotako mantenu lanak kontuan hartuta), bi milioi inguruko aurrekontua ere izan zezaketen lan horiek. Hala, pareta botatzeko aukera aztertzea erabaki zuen Udalak.

Ingurugiroari zegokionez, urtegia deuseztatzea positiboa izango zela esan zuten adituek (metanoa igor-tzen zuen, metalak sortzen ziren, arrainentzat oztopoa zen...), errekak bere egoera naturala berreskuratuko baitzuen horrela; Añarberi galdetuta, hidraulikoki ere arazorik ez zukeela ekarriko ondorioztatu zuten eta, hala, hustutzeari ekin zioten 2017an.

Proba moduan, hasieran metro batzuk beherago utzi zuten ura urtebetez eta ingurua ondo berregokitzen ari zela ikusita, guztia hustu zuten, azpiko hustubidea irekita. Duela urtebete izan zen hori. "Arduratuta geunden guztia hustutzean eta hondoan zegoena ateratzean horrek eragingo zuena ikusteko, baina dena ondo joan zen", kontatu zuen atzo Elosegik. Sorpresa batzuk ere agertu ziren: hondoratuta zegoen beste presa txiki bat eta txalupa bat, besteak beste.

Urtebete honetan lurra egonkortu da eta ari da inguruan belarra eta landareak hazten. Errekak garai bateko bidea berreskuratu du eta presaren azpiko hustubidetik doa paretaren beste alderaino. "Oso azkar doa errekuperazioa landareei dagokienez eta pixkanaka ari da fauna ere agertzen", kontatu zuen Elosegik. Aztertzeko dago oraindik prozesu hori bizkortzeko nolabaiteko ekarpenik egingo duen Udalak datozen hilabeteotan edo bere horretan utziko duen.

Pasabidea

Bitartean, ordea, urtegiko paretan bertan zer egin aztertzen aritu dira. Horrelako presarik Europan ez da bota orain arte (Frantzian antzeko kasu bat bakarrik dago), baina Kanada eta Estatu Batuetan bai. Dena den, han pareta osoak bota izan dituzte eta, hemen, guztia botatzeko aukera baztertuta (horrek izango lukeen eraginarengatik), pareta zulatzea erabaki dute. Horrela errekak bere bidea modu naturalean jarraituko du, oztoporik gabe. Zuloa nola egin ere aztertu zuten eta, azkenean, goiko gainezkabideetako bat beheraino zabalduko dute. 500.000 eta 750.000 euroko kostua izango dute lanek, hasierako aurreikuspenen arabera.

Gainerabide horiek, hasiera batean, txikiagoak ziren. Segurtasuna bermatzeko, duela 30 urte handitu egin zituzten (bost metro gehiago) ura goraino hel ez zedin. Lan horietan kendutako hormigoia urtegian bertan utzi zuten eta orain kendu behar izan dute, hustubidea tapatzen baitzuen.

Adostutako proiektuaren arabera, beheraino helduko den irekigune horretatik, erreka bera pasatzeaz gain, oinezkoak eta bizikletak ere pasako dira: pasarela moduko bat sortuko dute, errekaren ondotik moldatuko duten ibilbidearekin batera.

Aldaketa klimatikoa

Donostia uraz hornitzeko erosi zuen Artikutza Udalak 1919an, baina gaur egun oraindik balioa duela nabarmendu zuen atzo Elosegik. "Duela 100 urte bezain garrantzitsua da, edo 40 aldiz gehiago", esan zuen. Izan ere, arro horretako ura da gero Añarbera eta Donostiara heltzen dena. Hala, gaur egun Artikutza eta Añarbeko inguruak babestuta dauden modu berean, bi lursail horien artean dauden lur komunalak ere (Oiartzungo eta Goizuetako udalenak) babestea eta inguru osoa batera lantzea proposatu zuen Elosegik (guztira, 6.400 hektarea inguru). Biodibertsitateari dagokionez duen balioa ere nabarmendu zuen.

Beste proposamen bat ere egin du adituak: Artikutzako errekako uretan aldaketa klimatikoa neurtzeko estazioa jartzea, alegia. Kanpoko eraginik ez duen erreka izanik, baliagarria izan daiteke ur horretan gertatzen diren aldaketak (tenperatura, etorria...) identifikatzea eta erreferentzia bihur daiteke ikerketa horretan.

Compra. El Ayuntamiento de Donostia compró en 1919 la finca de Artikutza para abastecer de agua la ciudad.

Enobieta. El embalse se construyó en los años 50, pero no pudo completarse y su capacidad fue menor de la proyectada desde el principio. En los años 70 se inauguró el del Añarbe, que abastecía a casi toda la ciudad. Hace años que Enobieta estaba en desuso.

Vaciado. La falta de mantenimiento obligaba a invertir una gran suma en la presa para garantizar su seguridad y el Ayuntamiento decidió estudiar su desaparición. Los informes medioambientales e hidráulicos eran favorables y apostaron por eliminar el embalse. El vaciado controlado arrancó en 2017 y en febrero de 2019 se abrió el desagüe del fondo para completar el vaciado. En un año el fondo empieza a revegetarse y el río ha vuelto a su cauce.

Obras. Se abrirá uno de los aliviaderos hasta abajo para que el río atraviese la presa y se creará una pasarela peatonal junto a él que también cruzará la pared.