donostia - Donostiako Udalak turistentzako Euskarazko Hiztegi Txikia argitara eman du. Patrikako hiztegian euskarazko oinarrizko hainbat hitz eta esaldi bildu dituzte Donostiara etortzen diren bisitariek ezagutu eta erabili ditzaten: agurrak, lekuen izenak, egunak, hilabeteak, zenbakiak. Hitz horiek guztiak bederatzi hizkuntzara itzuli dituzte: gaztelania, galegoa, katalana, frantsesa, ingelesa, italiera, alemana eta, berritasun gisa, japoniera.

Donostiara datozen bisitarien %57 Estatu kanpotik datoz eta horietatik, frantziarrak (%21) eta estatubatuarrak (%15) dira gehien bisitatzen gaituztenak. Dena den, badago oso datu deigarria, japoniarrek oso hazkunde handia izan baitute: 2018an 25.000 gaualdi eta 2019an ia 42.000 egin zituzten. Hala, atzerritik gehien bisitatzen gaituztenen artean sartu dira azken urtean, bosgarren postuan, hain zuzen ere. Gainera, bisitari askok gure hizkuntzarekiko interesa agertzen dute turismo bulegora joatean. Hori guztia dela eta, hiztegia berritzean japoniera ere gehitzea erabaki du Udalak.

Zazpi ataletan banatuta dago: lehenengoan agurrak azaltzen dira; bigarrenean, leku izenak eta hauetara joateko oharrak (ezkerrera, behean, urruti?); hirugarrenean, garraio motak; laugarrenean, ostalaritzarekin zerikusia duten hitzak (gela bikoitza, jatetxea, ogitartekoa?); bosgarrenean, janariarekin eta edariarekin lotura dutenak (kafea, ogia...); seigarrenean, egunak eta hilabeteak; eta, azkenik, zenbakiak (bat, bi...).

Bestalde, euskararen historia eta egoera soziolinguistikoari buruzko zenbait azalpen eta datu ere ageri dira. - N.G.