- Oñatiko Aloña Mendiko futbol sailak bazkide berriak lortzeko kanpaina jarri du abian Bueltan gatoz lelopean. Bestelako baja gutxi batzuk ere izan arren, batez ere heriotzek eraginda dihardu azkenaldian beherantz bazkide kopuruak (gaur egun 300 dira). Gainera, pandemiak eragina izan zuen 2019/2020 denboraldian, iazko bazkidetza kuota merkatu egin behar izan zuten (hamabost euro). Iazkoa ere ez zen normaltasunez garatu, eta hainbat aukera aztertu ondoren, kuota beste murrizpen batekin pasatzea erabaki da. Beraz, bazkide berriak erakartzeko helburuarekin kanpaina berezi bat abiaraziko dute: arruntek 30 euro ordainduko dituzte, ohikoak ziren 60 euroen erdia, eta babesleek 50 euro.

Bestalde, klubeko jokalariek ordaindu beharreko kuotak igo egin dituzte. Kategoriaren arabera, 30 edo 45 euro izango dira hilean, hamar alditan. Igoera horrekin, Aloña Mendiko futbol sailetik adierazi dutenez, teknikari lanetan jardungo dutenei ordaindu egingo diete zertxobait. Zuzendari-tzak jokalariekin hitz egin eta gero, ia talde guztietan bizpahiru teknikari izatea lortu dute.

Jokalari kopuruari dagokionez, 200 neska-mutiko inguruk eman dute izena futbol eskolan. Gainerako kategorietan hamalau talde izango dira, hamar mutilenak eta lau neskenak.

Aldagelak, fisioterapia gela, biltegia, arropa garbiketarako gunea eta bulegoak dituen eraikin berria prest du Aloñak. Zelai berria egitea da xedea, baina horretarako denbora pasako denez, Azkoagaingo belar artifiziala ordeztea nahi dute datorren denboraldirako, oraingoaren bizitza erabilgarria amaitu baita.