- Aretxebaletako Udalbatza osoak onartu zuen atzo giza baliabideak arrazionalizatzeko plana. Plan estrategiko hau EH Bilduko bozeramaileak, Ion Albizuk azaldu zuen: "behin-behinekotasuna oso altua" da Udalean eta "era irregularrean bederatzi pertsona" daude momentu honetan. "2024rako lanpostu horiek legeztatuta egon behar dute, Espainiako Gobernuak 14/2021 dekretuak hala eskatzen baitu", azpimarratu zuen Albizuk.

"Lanpostuen definizioek eta hainbat osagarrik ere arreta behar dute", gaineratu zuen Albizuk. Adostasun zabala eta plan zehatzak beharko direla ere aipatu zuen EH Bilduko bozeramaileak. "Aretxabaletako Udalak pertsonalean duen gastua oso bajua da beste udalekin alderatuta, eta gaur egun bere aurrekontuaren %21 inguruan kokatzen da. Benetako plan bat behar dugula uste dugu; bertan, hurrengo urteetako erretiroen kosteak kalkulatu, plantilla osoaren hausnarketa eta lanpostuen balorazioa egin, eta lehiaketa publikoak ateratzeko plangintza bat garatu beharko dira, besteak beste", azaldu zuen Albizuk.

Unai Elkoro alkateak, bere aldetik, adostasuna beharrezkoa izango dela berretsi zuen. Plana gara-tzeko kanpoko aholkularitza eska-tzea mahai gainean dutela aurreratu zuen Elkorok.

Bestalde, Urats Gain adinekoen egoitza izandako eraikinaren desafektazioari argi berdea ere eman zioten. Eraikin hori Eusko Jaurlaritzaren eskuetan utziko du Udalak osasun etxe berria egiteko, eta, horretarako, urrats garrantzitsua izan zen Udalbatzak hartutako erabakia.

Debagoieneko Mankomunitateko gizarte mapa garatzeko Aretxabaletako udal ordezkaria ere izendatu zuten; Karmele Uribarri Ongizate zinegotzia izango da.