Zein da eskualdeko enpleguaren argazki orokorra?

Aurreko urteko maiatzeko langabezia datuak oraingokoekin alderatzen baditugu, jaitsiera aipagarri bat eman dela baieztatu dezakegu. 3.069 langabetu izatetik, 2.407 izatera pasatu gara. Gainera, 2020ko urtarrilarekin alderatuta (2.422), pandemia aurreko egoerara itzuli garela esan dezakegu. Bestalde, erregistratutako kontratuak hirukoiztu egin dira, iazko maiatzean (613) aurtengo maiatzean egindakoekin alderatuta (1.821). Orain, ikusi beharko da pandemia aurreko jaitsieraren tendentzia mantentzen den. Debagoienean egungo langabezia tasa %8an dago, Gipuzkoan baino puntu eta erdi txikiagoa, eta erkidegokoarekin alderatuta hiru puntu eta erdi txikiagoa. Gizarte Segurantzan afiliatuen kopuruari begiratuz, hau da, eskualdean ditugun lanpostu formalak aztertzen baditugu, 2020ko maiatzean zirenak (27.132) eta 2021ekoen (27.045) arteko alderantzia ez da aipagarria. Dena dela, Debagoienean 2008an 29.314 afiliatu zeuden eta 2011an (28.020), beraz, azkenengo hamarkadan eskualdean bi mila lanpostu inguru suntsitu direla baieztatu dezakegu. 2008ko krisialdian lanpostu industrialak galdu baziren, oraingoan zerbitzuetako sektorean izan dira gorabehera gehiago. Ikusi beharko dugu urteko bigarren seihilabetekoaren bilakaera zein den.

Zein ondorio utzi eta utziko ditu pandemiak?

Pertsonen artean harremanetan jartzeko eta komunikatzeko erak aldatu egin dira eta horiek gelditzeko etorri dira. Dena dela, aurrez aurrekoak ematen duenak baloratzen ikasi dugu eta, ahal dugunean, zenbait hartu-emanetarako lehenetsiko dugu. Enpresei dagokienez, bizi izan dugun egoerak digitalizazioa lehenengo lerroan kokatu du eta, lehen segurutzat edo lotuago ematen ziren zenbait aspektuk, arreta gehiago behar dutela agerian utzi du, besteak beste: lehengaien eta osagaien hornikuntza, diruzain-tza eta finantzazioa, balio kateen kontrola, bezeroen zaintza, merkatuen jarraipena....

Zeintzuk dira gizatalde zaurgarrienak?

Lan baimenik ez dutenak eta prestakuntza eta kualifikazio gabeko pertsonak, are eta gehiago, hizkuntzarekin eta komunikatzeko arazoak dituztenak. Enpresek gero eta kualifikazio handiagoa eskatzen dute. Horretaz gain, 40-45 urtetik gorako langabetuak, nahiz eta aurreko lan esperientzia izan, egun langabetuen erdia baino gehiago dira.

Urte honetan zehar errekuperaziorako norabidea hartu al dute enpresek?

Esan daiteke errekuperazio diferentziala eman dela, sektore batzuetan aktibitatea berreskuratu eta indartu egin da, baina gorabehera askorekin. Bestalde, enpresa batzuetan aktibitate edo produktu batzuetan ondo aritu dira eta beste batzuetan geldirik daude. Zenbait zerbitzuekin zerikusirik dauzkaten enpresak oraindik egoera latzean aurkitzen dira. Orokorrean, ñabardura aipagarriak aurki ditzakegu.

Zein egoeratan gaudela esan dezakegu?

Hitz batean laburtzeko, "ziurgabetasun" egoeran gaudela esan dezakegu. Debagoienean, industria mailan, automobilgintzako sektorearekiko dugun dependentzia handia da eta osagaien fabrikazioan aritzen dira enpresa asko. Horretan, pandemia aurretik formulatuta zeuden erronka asko, mundu mailako ekoizleen erabakien zain aurkitzen ginen, batez ere, elektrifikazioari lotuta. Gaur egun, erronka horretaz gain, beste zenbait ardura sortu dira, besteak beste, hornikuntzen arazoak, lehengaien garestitzea, epe ertain luzerako aurreikuspen eza edo, beste era baten esanda, epe motzera baldintzatutako jarduera. Beraz, erronka estrukturalei egunerokoak gehitu zaizkie.

Negozio asko itxi dira azken urte hauetan Debagoieneko herrietan?

Aurreko krisialdiarekin alderatuta, oraingoan ez dugu enpresa handien itxiera ikusi, baina zerbi-tzuen sektoreko negozio txiki asko itxi dira edo egoera kaxkarrean daude, bereziki merkatari-tzan zein ostalaritzan, baita aktibitate profesionaletan ere. Industriari dagokionez, arazo estrukturalak edo menpekotasuneko egoeretan zeuden enpresa txikiak itxi egin dira. Egun, ez da nahikoa ekoizteko ahalmena izatea, lehiakortasun baldintzetan ekoiztu behar da eta horretarako, antolaketa eta automatizazio eta industria 4.0kin erlazionaturiko teknologiak gehitu behar dira ekoizpen prozesuetan.

Eta berriak sortu dira?

Sortu diren enpresa berriak egonkortutako enpresa industrialen dibertsifikaziotik sortu dira batez ere. Norbanako ekintzailetza, inbertsio aipagarriak behar ez dituzten aktibitatetan oinarritu da, onlineko komertzializazioarekin edo, orokorrean, Internetaren inguruko ekimenetan.

Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziatik zer nolako neurriak hartu dituzue pandemiaren eragina arintzeko?

Konfinamendu garaian pertsonei zein enpresei informazioa bideratzeari lehentasuna eman genion, horrela web atal berezia eta buletinak martxan jarri genituen, arreta pertsonalizatua telefonoz edo online bidez garatuz. Gerora, pertsonen eremuan langabetuei orientazio zerbitzuak eta enpresetan gazteen txertatze prozesuak areagotu ditugu. Bestalde, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko Gizarteratze eta Laneratze Sarean parte hartzen duten eragileekin lankidetza proiektuak abian jarri ditugu. Horretaz gain, ekintzaileei bideragarritasuna aztertzeko aholkularitza zerbitzuak eta hastapenetarako kokalekuak eskaintzen dizkiegu. Enpresen lankidetza sareak eta banakako diagnostikoak garatzeko laguntza bideratu dugu.

Zein dira egoera berriari aurre egiteko erronkak?

Pertsonen eremuan prestakuntza eta kualifikazio maila handitzea ezinbestekoa da. Bestalde, enpresek behar duten talentua bideratzea, bertakoa egonkortuz eta kanpokoa erakarriz. Enpresek lehiakortasuna hobetzeko, kudeaketan, digitalizazioan eta teknologia berrien ezarpenean dute erronka aipagarrienak, beti ere, ekoizpen behar berriei egokitzeko eta dibertsifikazio dinamikak sustatzeko. Enpresen jarraikortasuna ere, batez ere familiarrak direnean, landu beharreko eremu bat da. Orokorrean, gizartea eta enpresak deskarbonizazio prozesu azkarretan sartzera behartuta daude, aldaketa klimatikoari eta horren ondorioei aurre egiteko batetik, eta bestetik, batez ere enpresen kasuan, horrela erabaki dutelako ekoizpen piramidearen goian dauden korporazioek, ez aldaketa klimatikoari aurre egiteko konpromiso berezia dutelako, horretatik aurrerapen ekonomikoak eta prezio egokitzapenak ondorioztatu daitezkeelako baizik.

Digitalizazioa eta industria 4.0 teknologiak ezartzeko planen diseinuetan murgilduta daude

zken hamasei hilabeteetan mundua astindu duen pandemiak informazio beharrak areagotu ditu orokorrean, eta horrek islada izan du Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziaren eguneroko jardunean. "Enpresei zuzendutako laguntza berriak bideratu ditugu eta aurrez aurreko arreta emateaz gain, buletin informatiboak hamabostero edo behar izan direnean bidali ditugu, eta horretan jarraitzen dugu", azaldu du Koldo Azkoitiak. Beraz, ohiko aktibitatearekin batera, proiektu berrietan ere murgilduta daude. "Enpresei dagokienez, digitalizazioa eta industria 4.0 teknologiak ezartzeko planen diseinua eta ekintzen garapenerako aholkularitza emateko programak abian jartzen ari gara", adierazi du Azkoitiak. Deskarbonizazio prozesuak bultzatzeko, energia eraginkortasunez erabiltzeko eta energia berriztagarrien instalazioak garatzeko egitasmoak eta azterketak egiteko laguntza teknikoak ere ematen ari dira Debagoieneko Garapen Agentziatik. Aurrera eramaten ari diren beste ekimen batzuen artean, gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko lankidetzazko prestakuntza prozesuak daude.