Oñatiko Udalak lan asko egin du Herri Programan jasotako konpromisoak betetzeko. Ekonomia lokala sustatu dute eta Zubikoa kiroldegiaren eraberritzea bultzatu dute.Agintaldiaren erdialdera iritsita, covid-19ak erabat baldintzatutako bi urte hauek ez dira batere errazak izan...

Egia esan, ez. Guztiz ezezagun genuen testuinguru batean izan gara, zer etor zitekeen jakin barik, unean uneko egoera konplexuari aurre egiteko ahaleginean. Erantzun azkarrak eman beharra egon da, formula berriak asmatzekoa. Baina, esango nuke, guri dagokigunean, asmatu dugula. Esan barik doa, ostera, egunerokoa gehitu behar zaiola horri guztiari. Ezin dugu ahaztu herriaren eta herritarren eguneroko beharrei (ohikoak zein ezohikoak) erantzun egokia emateko lan egitea dagokigula. Horretan ahalegindu gara, egunerokoa kudeatzen, unean uneko lehentasunei eran-tzun egokia ematen... Nire ustez, oreka egokia lortu dugu.

Zeintzuk izan dira Udalaren lehentasunak egoerari aurre egiteko?

Barrura zein kanpora begirako erronka askori egin behar izan diegu aurre, beti ere, inor bazterrean ez uzteko etengabeko saiakeran. Besteren artean, egoera zaurgarrienean diren herritarrak (bakardade arriskuan daudenak, emakumeak, baliabide ekonomiko urriak dituztenak, haurrak eta gazteak...) laguntzeko ekinbideak bultzatu ditugu; laguntza bereziak jarri ditugu martxan (ekonomikoak, egitarauari loturikoak...) pandemiak gogorren kolpaturiko sektoreak (ostalari-tza, lehen sektorea, tokiko merkataritza, kultura...) laguntzeko, oro har, tokiko ekonomia sustatuz; herritarrekin eraikitako komunikaziorako kanalak indartu ditugu (egoeraren berri emateko, beraien berri izateko, elkarlaguntza eraginkortzeko... baliagarri). Gainera, ezin daiteke ahaztu udalok geure eskumenekoak ez diren gai ugariri heldu behar izan diegula, beste erakunde ba-tzuek heldu ez dietelako.

Pandemia kudeatzeaz gain, Udalak ez die uko egin Herri Programan jasota dauden bestelako gaiei...

Ez. Hori, hasieratik izan dugu argi. Herritarrekin batera eraiki genuen EH Bilduren Herri Programa eta bertan jasotakoak egikaritzea dagokigu. Buru-belarri ari gara lanean. Bide horretan, asko eta askotarikoak izan dira bi urte hauetan eginikoak. Batzuk aipatzearren: natur eskolako eta zubikoa kiroldegiaren eraberritzearekin bukatzen gabiltza, martxan dago Araozko ostatuaren obra, merkataritza biziberritzeko plan estrategikoa eguneratu dugu, kultura bultzatzen segitu dugu bertako eragileekin elkarlanean, bakardadean daudenen bizi baldintzak hobetzeko egitasmoetan sakon-tzen gabiltza, Berdintasun Plana eguneratu dugu, irisgarritasuna eta bidegorri sarea hobetzen jarraitu dugu, gazteen emantzipaziorako diru-laguntzak indartu ditugu, auzo alkateen foroa berreskuratu dugu...

Arlo sozioekonomikoan, esate baterako, neurri batzuk berehalakoak izan dira, baina beste batzuk epe luzera begirakoak, ezta?

Hala da. COVID-19ak gogor kolpatu ditu tokiko negozioak. Euren egoera leuntzeko berehalako neurriak hartu behar izan genituen, beste erakunde batzuetatik (euren eskumenekoa zen) ez baitzen ezer iristen. Bada, herriko negozioetan erostea edo haiek erabiltzea bultzatzeko bono sistema jarri genuen martxan, Herrittik zuztarrera sustapen kanpainarekin batera; eta laguntza bereziak adostu genituen. Horrez gain, merkataritza plan estrategikoa eguneratu berri dugu. Hartan, besteren artean, ekintza plan bat jasotzen da, eta, geuri, hor bildurikoak gauzatzea dagokigu. Horretan gabiltza.

Kirolaren arloan, Zubikoa kiroldegiaren birgaitze lanak eraman dira aurrera. Zeintzuk dira proiektu honen ezaugarriak?

Hala da. Legealdiari ekin aurretik, jakin bagenekien erronka potolo bati aurre egin beharra izango zela: Zubikoa kiroldegiaren eraberritzea, 8,5 milioiko aurrekontua duena. Ez zen edozelakoa, eta kudeaketarako gaitasun handia exijitzen bai-tzuen. Oso pozik gaude emaitzarekin. Hain zuzen ere, igerilekua handitu beharra atzeman zen, eta, hori aprobetxatuz, proiektu handiago batean murgiltzeko erabakia hartu zen. 11.400 biztanleko herria da Oñati, kirol zaletasun handikoa. Agerikoa zen kiroldegiaren alde zaharra haren osotasunean eraberritzeko beharra. Orain, zenbait espazio berri ditu (gune hezea, ekintza gelak, gimnasioa, boulderra...), eta eraberrituak daude beste zenbait (squah, kantxa berdea eta pilotalekua). Oñatik behar zuen espazioa sortu dela esango nuke. Gainera, proiektu berri honetan, oso aintzat hartu ditugu pertsonen aniztasunari loturikoak: irisgarritasuna hobetu da, seinaletika inklusiboa eta argia erabiltzen da, aldagela egokituak daude, bakarkako dutxak... Ostera, aro digital honetan, kiroldegiko webgunea sortu dugu, online erreserba sistema eskainiz. Eta energia berriztagarrien aldeko apustua ere egin da.

Kulturari dagokionez, herri aberatsa da Oñati. Nolakoa izango da aurtengo uda kultur eskaintzari dagokionez?

Esan moduan, garai latzenetan ere, kultura eskaintzari heltzeko erabakia hartu dugu. Jakin badakigu COVID-19ak gogor kolpaturiko sektorea dela, eta, horrenbestez, euren egoera leun-tzeko aletxoa jartzea dagokigula. Egungo egoera aintzat hartuta, esaterako, ESKU(LTU)RAren bigarren edizioa egiteko erabakia hartu dugu. Tartean badira herriko sortzaileak ere, haien ekinaren eta talentuaren erakusgarri. Eta elkarlanean ere badihardute. Adibidez, ekaina bukaeran, elkarlanean sorturiko ekitaldia aurkeztu zuten herriko eragile diren Lizargarate Elkarteak, Oñatzek eta Txinparta Bertso Eskoliak Santa Ana antzokian. Horrez gain, Oñatiko Musika Banda eta herriko Ganbara zein Hots abesbatzak ere egitarauaren parte dira. Ostera, ezin daiteke aipatu barik utzi Oñatiko Udalak Urmuga egitasmoari emaniko babesa. Hari esker, nekez ahaztuko den kontzertua egingo da uztailaren 18an, herriko plaza ondoko pilotalekuan: Alex Sardui, Petti, Maider Zabalegi eta Jurgi Ekiza izango dira, Et Incarnatus orkestarekin batera, oholtza gainean.

Berdintasunari dagokionez, Emakumeen Etxea martxan jartzeko aurreneko pausuak eman dira. Nola dago proiektua?

Berdintasun sailean buru-belarri aritu gara plan berriarekin, eta Emakumeen Etxeko diagnosia egin da, herriko hainbat emakumerekin, besteak beste, etxearen irudikapenak, baldintzak, nolakotasunak, eskaintzak eta zerbitzuak jasota. Horrekin, hurrengo pausuak definitzen ari gara: espazioa, bertako kudeaketa eredua, funtzionamendua, edukiak, baldintzak, erantzun beharreko behar eta eskaerak... Hori guztia gorpuzteko parte-hartze prozesu bat jarriko da martxan hilabete batzuren buruan.

Natur Eskola eraberritzeko proiektua ere azkeneko txanpan sartu da. Zeintzuk dira proiektu honen ezaugarriak?

Proiektu berezia da. Ez daude halako eraikin asko. Oro har, ekoeraikuntza irizpideekin eraberritu da, material eta tratamendu jasangarriekin, efizientzia energetikoa helburu. Besteren artean, isolamendu termiko egokia bilatu da, fatxadak zurezko eta lastozko estalki termikoa dauka, aerotermia bidez berotzen diren ur galdarak, argiztatze naturala, inertzia altu eta kontsumo baxuko egur tximinia, A++ motako elektrotresnak, uraren kontsumo murrizturako sistemak (komun lehorrak, emari kontrolatuko kanilak, euri uren erabilera...), erabilitako ur zikinak landare bidez arazteko sistema, estalki berdea (belarra dago goiko estalkitzat), kanpoaldeko zoru iragazkorra... Eraikin eraberritua, hura kokatua dagoen ingurunera egokiturikoa da, ingurua errespetatuz eta haren parte bilakaraziz. Bada, datorren ikasturtea hasterako prest egotea aurreikusten da. Ordurako, gozagai izango dute Euskal Herri osoko hezkuntza zentroek. Ziur naiz bisita aberasgarria izango dutela bertaraturikoek. Ez zaie damutuko.