Oñati | Kaleak bizirik, herriko sudur gorriekin

14.06.2021 | 00:37
Potx eta Lotx (erdian) pailazoen 'Kaleak bizirik' diskoaren aurkezpena.

Potx eta Lotx pailazoek hirugarren diskoa kaleratu dute eta irailean ikuskizun berria estreinatuko dute bilbon

Reggetoia, txunba txunba, txaranga, haurrentzako abestiak... Musika estiloen koktela. Primeran pasatzeko eta dan-tzatzeko. Horixe da Potx eta Lotx pailazo oñatiarren Kaleak bizirik hirugarren diskoaren proposamena. Hamar kantuz osatutako lan hau taula gainera ere eramango dute izenburu bereko ikuskizunaren eskutik. Azken hau irailean estreinatuko dute Bilboko Campos Eliseos antzokian.

Itxialdian sortutako diskoa da. Aurrekoa baino "landuagoa; borobilagoa", azaldu zuen aurkezpenean Potx pailazoari bizia ematen dion Josu Zubiak. Oraingoan ere, letrak Txinparta bertso eskolakoek egin dituzte, baina berrikuntza gisa gaztetxoenek idatzi dute abestietako bat, Egun txarra izenekoa. Gainera, diskoari ahotsa jarri diote beste haur batzuekin batera.

Musikari dagokionez, Xabi Yaniz izan dute gitarra elektrikoan, eta baterian, aldiz, Oriol Flores. Sorkuntza eta ekoizpen lan guztiaz Zubia bera arduratu da. "Lan honen bitartez, gure helburuetariko bat Oñatiko eta inguruko sortzaileak aktibatzea da", nabarmendu zuen Zubiak.

Oñatiko sudur gorriek hainbat gai jorratu dituzte bere azken lanean: "Kaleko bizitzan jartzen dugu arreta, hau da, komertzio txikietan, artisteetan edo parrandetan; mende honetako bizitza erritmoak eragindako nagihabeak ere lantzen ditugu, esaterako, estresa, antsietatea, denboraren kontzientziarik eza, edo bizi-erritmo azkarra; hitzen esanahiekin jolasten duen Pilota berria kantua sortu dugu, eta reggetoia musikaren parodia en-tzun daiteke Txunpa txun abestian", zehaztu zuen Lotxek (Itziar Arkauz).

Horiekin guztiekin hainbat aldarrikapen egin nahi izan dituztela azpimarratu zuten. "Gure inperfekzioa, kontraesan eta miseriak askatasunez onartua ahal izatea; gizarte ilunari argi apur bat jarri nahi diogu barrearen bitartez; kaleak berreskuratzen hastea, zentzuz, baino irmo; eta kaleei bizitza ematen dietenekiko begirunez jokatzea eta balioan ipintzea ere bai", aipatu zuen Zubiak.

Diskoa Potxetalotx.eus webgunean eskura daiteke, hamabi euroren truke. Halaber, bi bideoklip argitaratu dituzte Txunpa txun eta Pilota berria abestiekin, hain zuzen. Lehena, Bernat Alberdik eta Kepa Aranburuk zuzendu dute, eta bigarrena, Oier Yanizek Oihan Loitiren laguntzarekin.

Udan gelditu gabe Clownen munduan lekua egin duten Potx eta Lotx pailazoek Kaleak bizirik ikuskizun berria aurkeztuko dute irailean Bilbon. Bitartean, udan Etxean lanarekin ibiliko dira han eta hemen: ekainaren 18an Lemoan eta 27an, Zamudion; uztailean Amoroton, Ataunen eta Lizarran, eta abuztuan, Getarian eta Zarautzen.

noticias de noticiasdegipuzkoa