- Bizilagunen eta erabiltzaileen artean aspalditik zegoen bizikidetza arazoaren ondorioz, Arrasateko Pablo Uranga kalean dagoen gaztegunea otsailetik itxita dago. Udalak 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako asteburuetako zerbitzu hau Musakolara lekualdatu zuen.

Hartutako erabakiak erreakzio uholdea ekarri zuen berehala, eta gaztegunearen erabiltzaileek sinadura bilketa bat abiatu zuten eskaera argi eta konkretu batekin: erdigunean gaztegune bat izatea. "Ez gaude ados gutxi batzuen jarreragatik zerbitzua ixtearekin, gehienok jarrera egokia eduki izan baitugu", azpimarratu dute gaztetxoek.

Azken hilabete honetan bere aldarrikapena babesten duten ia 800 sinadura bildu dituzte. Joan den ostegunean BAZ-en aurkeztu zituzten Udalari "eskaera zuzena" egiteko. "Nerabeek erdigunean, berdin da non, gaztegune duin eta egokia edukitzea eskatzen dugu lehenbailehen, aisialdi hezitzaile egokia izateko adin oso garrantzitsua baita haiena", adierazi dute gaztetxoen gurasoek, hasieratik babestu baitute sinadurak biltzeko abian jarri duten ekimena.

Musakolako gaztetxokoa "nahiko urrun" gera-tzen zaie eta nahiz eta hasieran bertara joaten hasi ziren "askok zerbi-tzua erabiltzeari utzi diote", nabarmendu dute gurasoek. Gainera, 12-16 urte artekoentzat alternatibak falta direla ere nabarmendu dute". Lekua ez da aproposena, txikia da eta beste auzo batzuetan bizi diren gaztee-tzat urrun dago", diote.

Udal Gobernuak, bere aldetik, Txatxilipurdirekin -nerabeei zuzendutako zerbitzuak kudeatzen dituen elkartearekin- erdiguneko gaztegunearen kokalekua lantzen ari dela azaldu dute, "egokia izan dadin zerbitzuaren eta bizilagunen ikuspuntuetatik".