-Gure Bazterrak kultur elkarteak bultzatutako ekimenak Udalaren babesa jaso du; izan ere, Izaro Elorza alkateak atzo azaldu zuenez, "gure helburuetako batekin bat dator proiektu hau: herriko ondarea jaso, balorean ipini eta gizarteratzea". Beraz, 15.000 euroko dirulaguntza emango dio Udalak aipatutako elkarteari urte amaiera arte iraungo duen lana aurrera eramateko. Oñatiko baserrietan dagoen ondarea katalogatu, datu-base batean bildu eta herritarren eskura jartzea da Erreusak izenburu duen egitasmoaren xedea.

Erreusak hitzak hondatutako zerbaiti erreferentzia egiten dion arren, baztertutako ondare horri "balio historiko-soziala eman nahi diogu", aipatu zuen Gure Bazterrak taldeko lehendakari den Arantzazu Sagarzazuk. Egitasmo etnografiko honen bidez, "Oñatiko kultur ondarea ezagutu, bateratu eta zabaltzea jarri diogu gure buruari helburu orokor moduan. Horretarako, antzinako eguneroko bizimoduekin lotutako objetuak katalogatzea da gure lanaren ardatza, bizimodu horren lekukoen testigantzak jasoz, omenaldi txiki bat eginez eta, aldi berean, gure euskarazko esaerak eta hitz zaharrak ikasiz, galdu aurretik", gaineratu zuen Sagarzazuk Udalarekin lankidetza-hitzarmena sina-tzeko ekitaldian.

Herriko 16 auzotan dauden 88 interesgune bisitatuko dituzte eta 1.400 pieza inguru katalogatzea aurreikusten dute: "80 baserri, hiru tailer eta bost erakunde; bost baserri auzo bakoitzean", zehaztu zuen Sagarzazurekin batera egitasmoaren arduradun den Klara Larruzeak. Lehen kontaktuak egin, baimenak sinatu eta piezak gainbegiratzen hasi dira dagoeneko.

Baserriz baserri ibiliko diren 72 boluntario bildu nahi dituzte, uztaila eta abuztuan zehar landa-lana egiteko. Astebeteko konpromisoa eskatuko zaie, goizez baserrietara joan, piezak identifikatu, argazkiak atera eta informazioa jasotzeko.

Oñatiko liburutegiko taldeak, Kapirixok eta Artixak aurretik jarri dute beren aletxoa horrelako lanetan. Orain, Antixena gaztetxean sortutako taldeak hartu du lekukoa, euskaran, historian eta kulturan interesa duten gazteek osatua. Egitasmoa faseka burutuko dute, "segurtasun neurri guztiak hartuz". Abendura arte, gainera, hainbat ekintza antolatuko dituzte.

Helburua: Industriaurreko gizartearen lekuko diren objetuak eta bizimodu hau izan dutenen testigantzak jaso, landu eta zabaltzea. Etnografiaren bitartez, erreusak (baliorik gabekotzat hartzen diren ondasunak) ondare bihurtzea.Interesguneak bilatu: 80 baserri, hiru tailer eta bost erakunde/talde. Auzo bakoitzean bost baserri. Hasita dagoen lan hau ekainera arte burutuko da.

Hitzaldiak. Maiatzak 28: Antxina, traktorerik ez zanian... (a cargo de Juan Martin Elexpuru). Ekainak 3: Proyecto Zaharkinak: dinámica popular y etnografía (Fermin Leizaola). Ekainak 11: Etxetik museora: Luzaide/Valcarloseko etnografia esperientzia (Suberri Matelo Mitxelena). Ekainak 18: Gordailua: traste zaharrak ondare (Xabier Kerexeta). Guztiak, Santa Ana antzokian (18.30).

Formakuntza saioak bolondresekin: Ekainak 19an eta 26an Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan. Boluntario izateko izen-ematea (bost euro) zabalik dago ekainaren 13ra arte, Kultur etxetik pasata edo erreusak@gmail.com helbidera idatzita.

Landa-lana: Piezei buruzko informazioa jaso, argazkiak atera, elkarrizketak egin...

Katalogazioa (irailean hasita) eta emaitzen aurkezpena: Datu-basea sortu eta herritaren eskura jarriko da. Hortik aurrera proiektua irekita dago, objetuen jabeek ematen dituzten "baimenen arabera".