- Alanbre-hotsa eta jazbana Jerardo Elortzari eskainitako bildumaren hirugarren liburua da. Iñigo Biain Berraondok idatzitako bigarrena (lehenak aipatutako linguista eta historialari oñatiarraren biografia jasotzen du). Oraingoan, Bianek azken 60 urteetan rockak herrian izan duen bilakaeran murgiltzeko gonbitea luzatzen dio irakurleari. Udalak Ereiten argitalatxearekin elkarlanean kaleratu berri duen lana herriko liburu dendetan eskura daiteke.

Zer jaso duzu liburu honetan?

-Liburuan, funtsean, rockak gure herrian izan duen bilakaera jaso-tzen da, hastapenetatik gaur egunera arte. Esan behar da, egitasmo honekin hainbat musikari eta kazetari hasi ginela 2005ean. Lehen bilera batzuen ondoren, ordea, ahalegin hura bertan behera gelditu zen, eta neuk jarraitu nuen poliki-poliki, sortzen ziren talde berrien informazioa biltzen eta artxibatzen, baita antolatzen ziren kontzertu eta jaialdiena ere. Eta horixe da, laburtuz, liburuan batzen dena, irudi pilatxo batez lagunduta.

Zergatik Oñatiko rockaren historiari eskainitako lana?

-Mutikotatik musikaren friki bat izan naizelako€ Gainera, oraintxe zen unea aitzindari izan ziren protagonista haien testigantzak jaso-tzeko, gehienak oraindik bizirik eta osasuntsu baitaude. (Eta hala jarrai dezatela luzaroan!).

Zer garrantzi izan du -eta du- rockak herrian?

-Oñati beti izan da herri oso musikazalea, eta rocka ez da salbuespena izan. 1965etik gaur egunera arte egon den ondare rockeroari begirada bat botatzea aski da horretaz jabetzeko. Gainera, kontuan izan behar dugu 60. hamarkadan gazteek sortutako Oñatz aisialdi-elkartea, 80. hamarkadaren hasieran bultzatutako gaztetxe aitzindaria, 90. hamarkadan abian jarritako udal gaztelekua, eta geroago etorri ziren gaztetxeak -Kasablanka, San Martin, Antixena-, funtsezkoak izan zirela sortzen ziren talde guzti haiei oholtza bat eskain-tzeko, edota kanpoko beste talde ba-tzuk zuzenean ikusi ahal izateko.

Zenbat musika taldek dute tarte bat argitalpen honen orrietan?

-120 talde eta bakarlaritik gora daude jasota liburuan, aitzindari izan ziren Los Culpables-etik hasi, eta aurten diskoa argitaratu duten Mila Modu edo Larru Beltzak arte. Bien bitartean, izen garrantzitsuak bilakatu ziren: Nekez, Ruper Ordorika, Saz Le Bolo, Hor Konpon, Latzen edota Sharon Stoner aurki ditzakegu, baita hain urruti iritsi ez ziren beste talde mordoxka bat ere.

Anekdotaren bat?

-Anekdotak milaka daude, eta zaila egiten zait bakarra aukeratzea. Izan ere, imajina dezakezu zer nolako koktela den gazte rockero koadrila bat musika-materialez toperaino beteriko furgona batean hara eta hona, gauez, kolore anitzeko kontrolak, substantzia legalak eta ez hain legalak, oholtza txiki eta prekarioak... Elkarrizketa bakoitzean dozenaka anekdota ateratzen dira! Hala ere, espazio kontuak medio, ezin izan dut haien zatitxo bat besterik sartu.

Zer suposatu dizu lan hau idazteak?

-Esan dudan bezala, urteetan zehar bilduriko material eta informazio guzti horren sintesia da liburua, eta ahalegin handia egin behar izan dut hainbat eta hainbat kontu kanpo jaretzeko'. Gainera, ez nuen nahi taldeen katalogo huts bat egitea, eta saiatu naiz garai bakoitzeko testuingurua azaltzen. Lizentzia autobiografiko pare bat ere hartu ditut, 14-15 urterekin sortu genuen Amonal taldea aitzakia hartuta. Izan ere, Youtube eta Amazon gabe bizi ginen 80. hamarkadan, sekulako odisea izaten zen talde bat sortzea. Nik gurea kontatu dut oso gainetik, baina badakit etengabe errepikatu den patroi bat izan zela gure prozesua.

"120 talde eta bakarlaritik gora daude jasota; Los Culpables-etik hasi eta aurten diskoa argitaratu duten Mila Modu edo Larru Beltzak arte?