Dantzen errepertorioa zabaltzeko asmoarekin, Eskoriatzako Mario Padillaren bitartez 1971n eta 1972an hainbat dantza ikasi zituzten. Ondorengo urteetan, Eibarrera eta Lizarrarra ere joan ziren helburu berarekin. "Garai hartako haurrak, bost eta 15 urte bitartekoak, izan ziren protagonistak; etorkizunera begira, talde sendo eta indartsu bat sortzeko bidea eraiki zutenak", azaltzen du Irizarrek.

Pixkanaka taldea beste herrietara joaten hasi zen emanaldiak eskaintzera. Horrela, zenbait taldeekin trukaketak sustatu ziren eta, horri esker, Oñatiko Haurren Eguna aberastu eta neska-mutikoentzat motibazioa bilatzeko giltza izan zen. Gainera, dantzez gain, musikariekin ere lan izugarri egin zen melodia ezberdinak ikasi eta dantzarako prestatzeko ahaleginean.

gidaritzapean

1975ean Jesus Irizar Txutxinen gidaritzapean nagusien taldea eratzea erabaki zen. "Lan hori burutzeko Oñatiko Korpus dantzetan eta euskal kulturaren mantentze eta dibulgazioan oinarritu zen taldea. Urte hartatik aurrera esan genezake bere ardura izan dela Korpus dantzen biziraupena eta zabaltzea", azpimarratzen dute Oñatzeko kideek.

Udalak, Oñatz Sociedad Cultural Recreativa Elkarteak zuen eran-tzukizun eta atxikimendu soziala kontuan hartuta, 1975ean lehendabizikoz diruz lagundu zuen. "Taldea indartuz zihoan arren, Francoren heriotzarekin batera, elkarteak ematen zuen arnas euskaldunaren beharra gutxitu egin zen, eta testuinguru honetan desegin egin zen. Baina dantzari taldeak jarraitu zuen, elkartearen izena hartuz", gogora ekartzen du Maite Irizarrek.

XX. mendeko 80-90eko hamarkadetatik hasita gaur egun arte inguruko herri zein Euskal Herrian zehar Oñatiko dantzak plazaratzearekin batera, mugak zeharkatu dituzte. Izan ere, Europako hainbat tokitan dantzatu dute, esaterako, Belgikan, Polonian, Kroazian, Sui-tzan eta Frantzian, eta baita Estatu Batuetan (Boise) ere.

"Taldearen 50 urteko ibilbide honen mugarri garrantzitsuena borondatez egindako lana izan da. Dantzak jaso, eman eta erakustea izan da Oñatzetik igarotako kide askok taldean izan duten egitekoa. Inplikazio horri esker esan genezake gaur egun taldea ere osasuntsu mantentzen dela", adierazten du Irizarrek.

Mende erdiko historia honetako beste gakoetako bat da 2018az geroztik mutilekin batera, neskek dantzatzen dutela Korpus festetan. -A.D.