Aretxabaleta - Aretxabaletako udalak futbol 7ko zelaiaren erabilera arautu du. Erreserbatuta ez dagoenean, kirol instalazio honek erabilera librea izango du, hau da, edonork izango du bertara sartu eta jolasteko eskubidea.

Astelehenetik ostiralera 7.00etatik 21.30era egongo da zabalik; larunbatetan 8.30etik 20.00etara, eta igande eta jaiegunetan 9.00etatik 20.00etara. Uda garaian, ordea, itxiera ordu horiek malgutasunez kudeatuko da.

Erreserbei dagokienez, UDA futbol elkarteak du lehentasuna, gainontzeko herritar edo elkarteen aurretik. Ibarra kiroldegiko harreran egin behar dira, 943 039 842 telefonora deituta edo kirola@aretxabaleta.eus helbidera ida-tzita, eta orduagatik 40,45 euro ordainduko dira. Kiroldegiko abonatua ez denak bertako aldagelak erabili ahal izango ditu, 2,01 euroko sarrera ordainduta.

bideozaintza sistema Udalak betebehar batzuk ere adostu ditu erabiltzaileentzat. Zelaia eta bertan dagoen materiala behar bezala zaindu beharko da, eta ezin izango da instalazioa kaltetu dezakeen ezer egin. Debekatuta egongo da, adibidez, sua egitea, beirazko botilak eta edalontziak sar-tzea, edo jatea. Udalak gogoratzen du zelaiak bideozaintza sistema bat duela, beraz, jokabide okerrek ondorioak izan ditzaketela.

ArQuNicA estudioak idatzitako proiektuari jarraituz, futbol 7ko zelai bat egokitu zen. Belar artifiziala eta 52x32 metroko neurriak ditu, eta 58x38 metro bere plataforma osoan. - A.D.