- Bi urteko etenaldiaren ondoren, Andutz kultur taldeak eta Itziarko Auzo Udalak "Itziar eta inguruan hain ohiko izan ziren erromeriak gogora-tzeko eta omentzeko" helburuarekin elkarlanean antolatutako XII. Erromeria Egunarekin disfrutatzeko aukera izango da datorren larunbatean Itziarren. Aurreko urteotan izandako arrakasta ikusita, festaren antolatzaileek prestatutako egitarauak "aurreko edizioen ildotik" jarraituko du.

Andutz kultur taldetik esan dutenez, "ospatu den bakoitzean Euskal Herriko txoko ugaritatik batu izan da jende-andana Itziarko Erromeria Egunera; eta aurten ere, bi urteko etenaldiaren ostean, jende asko espero dugu; gurea erromerien munduan errotzen hasi den festa da eta".

Hilaren 7an festa giroa "goizean goizetik" iragarriko da Itziarko kaleetan zehar. Horretarako, Naiara, Izarra eta Itziar; Ostolaza eta Ezkerra; Lidia eta Leire; eta Maitane Ayerza eta Aiora Urdangarin trikitilariak, Deba eta Hernaniko txistulariak, dultzaineroak, Zubietako joaldunak, soinujoleak, Bianako eta Itziarko dantza taldeak, eta Hernaniko albokariak eta fanfarrea izango dira Itziarren. Nola ez, larunbatean ez da herri bazkaria faltan izango: "14.30ean egingo da frontoian eta bertaratzeko interesa dutenek asteazkena baino lehen erosi behar dituzte txartelak, 18 eurotan, Gure Dendan, Burugorri ostatuan, Hostala Itziar jatetxean edota Bikain jatetxean". Era berean, erromeri-afaria izango da (21.30ean) Bikain jatetxean (prezioa 20 eurokoa da eta izena bertako 943 199 370 telefono zenbakira deituz eman daiteke).

Festaren antolatzaileek erromeriak gustoko dituzten euskal herritar guztiak animatu nahi dituzte datorren larunbatean Itziarrera gerturatzeko. Andutz kultur taldetik gogorarazi dutenez, "erromeriak ziren aurreko belaunaldien sozializaziorako bilgunerik garrantzitsuenetakoak". Ondare hori ez galtzeko berreskuratu zuten Itziarko Erromeria Eguna eta dena prest da festa bueltatzeko.