- Joan den urtean pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren, Goaz antzerki taldeak Udalaren laguntzarekin antolatzen duen XXXIV. Antzerki Astearekin disfrutatzeko aukera izango da Deban datozen egun eta asteotan.

Aurtengo edizioan zazpi talderen obrekin gozatzeko parada izango da "euskarazko antzerkia eta antzerki amateurra sustatzea helburu" duen ekimenaren baitan. Hori bai, Karlos Larramendi eta Josu Iriondo antola-tzaileek jakinarazi dutenez, "urtero egin izan diren haurrei zuzendutako ekitaldiak aurtengoan ezin izango dira egin, baina datorren urtean berreskuratzeko esperantza dugu".

Edonola ere, Deban taularatuko diren zazpi antzezlenen artean bi estreinaldi egongo dira; Lezoko Orratx Antzerki Taldearen Antroan intro eta Debako Goaz Antzerki Taldearen Badator, hain zuzen ere.

Emanaldi guztiak osasun egoerak eskatzen dituen "segurtasun neurri guztiak hartuta" burutuko dira eta sarrerak "emanaldiak hasi baino ordu erdi lehenago jarriko dira salgai".

Debako XXXIV. Antzerki Asteari hasiera ona emateko Kamikaz kolektiboaren Panpina antzezlana ikusi ahalko da gaur (20.30ean) Aldats pilotalekuan (Sarreren prezioa sei eurokoa da).

Egitarauak bihar bertan izango du jarraipena, Lezoko Orratz konpainiak Aldats frontoian (20.30ean) estreinatuko duen Antroan intro ikuskizunarekin (sarrerak, bost euro). Igandean, berriz, Esti Curielek eskainiko duen 35 Huts umorezko bakarrizketarekin disfrutatu ahalko da (18.00etan) Itziarko Burugorri Etxean.

Bestalde, Donostiako Trapu Zaharrak konpainiaren Mesede bat egiteagatik antzezlana izango da hilaren 28an (19.00etan) Debako kaleetan; hurrengo egunean (20.30ean) Aldats pilotalekuak Txalo taldearen Konpromisoa obra hartuko duelarik (sei euro).

Maiatzaren 30ean Donostiako Trotamundos taldeak Kutxa baten istorioak antzezlana aurkeztuko du herriko erdigunean (12.30ean).

Antzerki Astea borobiltzeko Debako Goaz taldeak Badator obra estreinatzeko hainbat saio eskainiko ditu ekainaren 4an (18.30, 19.00, 19.30 eta 20.00etan) Agirre jauregian (sarreren prezioa 3 eurokoa da) eta 5ean (18.00 eta 18.30ean) Itziarko Burugorrin.