Haur eta nerabeentzako IV. Idazlan lehiaketa abiatu dute Elgoibarren

Sariketan 8 eta 18 urte bitarteko guztiek parte har dezakete eta lanak martxoaren 12ra arte aurkez daitezke

16.02.2021 | 23:58
Iazko idazlan lehiaketan saritutako haur eta gaztetxoak. Argazkia: J.L.

Elgoibar – Azken urteotan izandako arrakasta ikusita, Elgoibarko Udalak 8 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeen artean euskaraz idazteko trebetasuna sustatzeko helburuarekin antolatzen duen idazlan lehiaketaren IV. edizioa abiatu du.

Kultura, Euskara, eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Udal sailek elkarlanean antolatzen duten sariketa honek adinaren araberako lau kategoria ezberdin izango ditu (LHko 5. eta 6. mailakoentzat, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleentzat, DBHko 3. eta 4. mailakoentzat eta Batxilergoa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako ikasleentzat).

Edonola ere, parte hartzera anima-tzen diren guztiek egoki ikusten duten gaia jorratu ahalko dute. Hori bai, idazlanak "euskaraz idatzitakoa, jatorrizkoa, aurrez saritu gabea eta argitaratu gabea" izan behar dira. Lanak A4 neurrian, orriaren alde batetik idatzita eta ordenagailuz aurkeztu beharko dira, LH3 eta LH4 mailetan salbu. Hauen kasuan idazlanak eskuz idatzita bakarrik onartuko dira.

Parte-hartzaileek ikastetxeetako ikasgeletan aurkeztu behar dituzte idazlanak (hiru kopia) eta horretarako azken eguna 2021eko martxoaren 12a izango da. Elgoibartik kanpoko Ikastetxeetan ikasten ari diren ikasleek, berriz, zuzenean entregatu beharko dituzte lanak Santa Ana kalean dagoen Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoan.

Udalak herriko dendetan erabiltzeko 50 eta 120 euro bitarteko 26 bono emango ditu aurkeztutako lan onenak saritzeko.