- Koronabirusak eragindako egoera dela eta, Debako bizilagunek horrenbeste maite duten Debarren Eguna “etxetik” ospatu beharko dute datorren igandean.

Aritz Larrañaga, Kultura zinegotziaren esanetan, “berez berezia den egun hau are bereziago bihurtzen da alarma eta pandemia egoeran”. Hori dela eta, “fisikoki ez bada ere, bat egiteko eguna izatea nahi dugu”. Horretarako Udalak egoerara moldatutako egitaraua antolatu du iganderako, “herriko elkarteek egindako ekarpenekin”.

Edonola ere, herritarrei gogorarazten die “osasun alarma egoera ez dela amaitu”; eta horregatik, “zentzudun jokatzeko” gomendioa egin du: “Ospatuko dugu gure eguna baina egoerak uzten digun moduan. Ahal dela etxean eta jende pilaketak ekidinda, guztion osasunaren onerako”.

Udalak herritarrak animatu nahi ditu igandean irudiak eta bideo laburrak egin eta partekatzera: “bilduma egingo da, gure memoria kolektiboan ere izaera berezia izango duen egun honen testigantza jasotzeko”.

Interesatuek debakoudala.komunikazioa@gmail.com helbidera bidali ditzakete argazkiak eta bideoak.

Festa girotzeko, Musika Bandak Debarren Egunerako egindako bideoa zabalduko du bihar (12.00etan) sare sozialetan. Igandean, berriz, txistulari taldearen diana (9.00etan), Deba Musikaleko soinujoleen kalejira (10.00) eta San Roke dantza (11.30ean, Gure Kai dantza taldearen YouTube kanalean) izango dira. Era berean, Haitz-Haundi elkarteak murala ezarriko du plazan eta Udalak herritarrak gonbidatzen ditu “12.00etan Debako martxa balkoietan jartzera”.