- Bi herrietako Udaletik azaldu dutenez, martxan jarritako laguntza zerbitzua "etxetik ateratzeko zailtasunak dituzten adinekoei, mendekoei edo bazterkeria egoeran dauden herritarrei" zuzenduta dago.

Koronabirusak eragindako konfinamendu egoera dela eta, Deba eta Mendaroko Udalak adineko herritarrak telefonoz deitzen ari dira, beti ere, "beren egoera eta beharrak ezagutu, eta laguntza eskaintzeko". Deban 65 urtetik gorako herritarrak deitzen ari dira Udaletik eta Mendaron, berriz, 70 urtetik gorakoak.

Laguntza mota era ezberdinekoa izan daiteke: "elikagaiak, higienerako produktuak edo medikamentuak erosteko, etxeko zaborra kaleko edukiontzietara ateratzeko edota babes psikologia emateko".

Mendaroko Udalak martxan jarritako laguntza zerbitzua erabiltzeko beharra dutenek (edo laguntza eharrean egon daitekeen pertsonaren bat ezagutzen dutenek) 943 033 282 telefono zenbakira dei egin edota erregistroa@mendaro.eus helbidera idatz dezakete.

Deban, berriz, Udalak eta Gurutze Gorriak herriko bolondresen ezinbesteko laguntzarekin eratutako solidaritate sarearekin kontaktatu nahi dutenek 943 608 047 telefono zenbakira dei egin edo zaintzadebaitziar@gmail.com helbidera idatz dezakete.

Koronabirusak eragindako krisi egoera honetan beharrezkoa duten laguntza eskaintzeaz gain, Deba eta Mendaroko Udalek telefono bidezko jarraipena egingo diete arrisku kolektiboetako pertsonei.