eibar - Orain dela 86 urte Ermuan jaio bazen ere, Margari Olañetak “eibartar bat gehiago bezala” ikusten du bere burua. Ezin da beste erara izan; 60 urte daramatza Eibarko Estaziño kalean bizitzen, “Jose Mari Kruzetakin ezkondu nintzenetik”. Horregatik, ondo baino hobeto ezagutzen du berea ere ba den armaginen hiria; are gehiago azken 15 urteotan Eibar aldizkaria koordinatzeko lanean jardun ondoren. Ardura hori alde batera lagatzeko erabakia hartuta, egunkari hau Margarikin elkartu da, beti ere, “munduko bost kontinenteetara” ailegatzen den aldizkariaren bueltan bizi izandakoa eta hemendik aurrerako dituen asmoak ezagutzeko.

Nola hartu zenuen Pedro Zelaia apaizak 1952an sortu zuen Eibar aldizkaria koordinatzeko ardura?

-Niretzat ere sorpresa izan zen. Don Pedro 1994an hiltzerakoan nire senarrak hartu zuen aldizkariaren ardura. Jose Mari aritu zen lan horrekin baina 2002an hil zen eta hori gertatu eta egun gutxietara Don Jesus San Miguel parrokoarengana joan nin-tzen, nire senarrak zituen aldizkariko karpeta eta paper guztiak ematera. Nire sorpresarako Don Jesusek esan zidan aurrerantzean aldizkariaren kudeaketa nik eramateko, nigan konfiantza osoa zuela. Ez nintzen ezetz esatera ausartu eta horrela hasi nintzen ni Eibar aldizkarian.

Senarra etxean aldizkariarekin lanean ikustea eta aldizkaria eramatea ez da gauza bera...

-Bai ba!. Ordura arte Jose Mari arduratzen zen horretaz; nik nahiko lan nuen etxeko kontuekin. Lau seme-alaba eukita ba... pentsa!.

Hala ere, ausarta izan zinen eta aurrera egitea erabaki zenuen...

-Ausarta ez dakit. Ez nuen asko pentsatu, parrokoaren enkargua hartu eta borondatezko lan asko egin ondoren 2016ko azken alea kaleratu arte.

Orduan, koordinatzaile lana laga duzu jada. Zeintzuk dira arrazoiak?

-Nahiko adina dudala eta, familiakoek lagatzeko esaten zidaten, bazela ordua trankil eta ardura gabe bizitzeko. Gainera, orain dela urtebete akzidentea euki nuen eta orduantxe konturatu nintzen etapa hori bukatutzat emateko unea zela.

Eta orain zer?

-Aldizkariari dagokionez, pozik eta eibartarrei eskertuta lagatzen dut ardura hori. Administrazioarekin egin beharreko tramiteak amaitu bezain pronto emango ditugu ezagutzera koordinatzaile berrien izenak baina aurreratu dezaket esku onean geratzen dela eta argitalpenaren edukiak orain arteko izpiritu berdinarekin jorratuko direla, Don Pedro Zelaiak nahi zuen moduan.

Eta zuk, zer asmo dituzu?

-Alde batetik, ondo jartzen naizenean herriaren alde zerbait egiteko beste saltsaren batean sartuko naiz, baina ezerren buru izan gabe. Ez dut diru kontuekin eta ardura handiekin ezer jakin nahi. Bestetik, azken urteotan pixkat lagata izan ditudan nire gauzei dedikatuko naiz. Eta irakurtzera, izugarri disfrutatzen dut eta.

Asko eman diozu Eibar aldizkariari baina, zer eman dio aldizkariak Margari Olañetari?

-Satisfakzio handia. Aldizkariari esker herri honen parte sentitzeko, jende askorekin erlazioa egiteko eta Eibarko sekretu guztiak ezagutzeko aukera izan dut.

Zer esango zenieke eibartarrei?

-Beti izan diren bezain eskuzabalak eta amableak izaten jarraitzeko. Eta eskerrikasko urte hauetan eskaini didaten ezinbesteko laguntzagatik.