Aginagako hilerrian, Joxe Mari Furundarena Begiristain (Aginaga, 1915-Tolosa, 1936) herritar fusilatua gogoratu zuten egindako ekitaldian. Usurbil 1936 elkarteak bultzatuta, ekitaldian izan ziren Furundarenaren senideak eta Usurbilgo Udalbatza osatzen duten alderdien ordezkariak. Tolosan fusilatu bazuten ere, familiaren panteoian lurperatzea lortu zuten, Aginagan, eta han jarri zuten hura gogoratzeko plaka.

1936ko gerrak Usurbilen eragindako ondorioak aztertzen ari den taldeak fusilatuak, erbesteratuak, atxilotuak eta abar identifikatu eta ezagutarazteaz gain, gudalekuak ere ezagutarazi nahi dituzte. Iazko irailean, tropa faxistak Usurbilen sartu zireneko 85. urteurrena tarteko, oroimen eguna antolatu zuten, herriko frontoian. Aurtengorako ekitaldi gehiago iragarri zituzten, xumeagoak, eta Furundarenari eskainitakoa izan da lehena.

Izan ere, Furundarena Eizako sei senideen artean zaharrena zen; EAJko kide eta milizianoa. 1936ko urriaren 3an fusilatu zuten Tolosan, 21 urterekin. Familia bazkari batean zegoela joan ziren haren bila, eta hortik aurrera hil egin zutela baino ez zuten jakin senideek.

Asteburuko ekitaldian, memoria historikoa berreskuratzearen garrantzia nabarmendu zuen Agur-tzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak: "Ez dut dudarik demokrazia eta askatasuna eraikitzen dituela memoriak; memoria ez dela bakearen etsaia, aliatua baizik". "Bihur dezagun memoria gizarte kohesiorako elementu. Gaur, Joxe Mari Furundarenaren hilobiaren aurrean, lehen urratsak egin ditugu", gaineratu zuen alkateak.

Espainiako Gerra Zibila Usurbilen nola bizi izan zuten aztertzen duen taldea Udalarekin hitzarmena sinatu zuen 2020an. Hiru urterako proiektua da. Lantaldeko kideen hi-tzetan, "Gipuzkoan, oro har, orain arte 1936ko gerraz kontatu denak hutsuneak ditu, eta beharrezkoa da horri aurre egitea".

Hitzarmenean jasotako eginkizunak 2022ko udazkenean amaitzea aurreikusi dute. Dokumentazioa antolatzea, herritarren lekukotzak jasotzea, gudaleku esanguratsuak berreskuratzea, erakusketa bat antolatzea eta informazio guztia bilduko duen liburu edo webgunea bat argiratzea dira egin beharreko lanak. Horretarako, herritarren parte-har-tzea eta lekukotzak eskatu dituzte, herriko memoria osatzeko.