Gobara izenarekin aireratuko da Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministaren podcasta hilean behin. Feminismoaren aldeko eta arrazakeriaren eta inperialismoaren kontra bidea urratu duten emakumeez ariko dira hilero, Ana Iruretagoiena kazetariak zuzentzen duen saioan. Lehen atala Simone de Beauvoir filosofo fran-tziarraren ingurukoa da eta entzungai dago jada.Lehenengo saio honetan, "filosofo frantziarraren ekarpenaz aritu zaigu Irene Arrarats, Bigarren Sexua liburua euskaratu duen itzultzailea. Simone de Beauvoirren ekarpenak gaur egungo mugimendu feministan duen oihartzunaz hitz egin digu Maider Barañano soziologoak. Kultur proposamen modura, Bigarren Sexuaz Collage laburmetraia izan dugu hizpide, lan horren egileetako bat den Nora Alberdiren eskutik", azaldu zuen Iruretagoienak atzoko aurkezpenean.

Bidelagun eta elkarrizketatuak Hernaniko herritarrak izango dira asko, baita feminismoaren alde eta arrazakeriaren aurkako askotariko eremuetan aditu zein aritu diren emakumeak ere. Podcasta, nagusiki euskaraz izango da.

"Landuko ditugun pertsonaiak Kulturarteko Plaza Feministaren sortze prozesuan parte hartutako feministek pentsatu, sentitu eta hautatutakoak dira. Ondorioz, horietako bakoitzak izenpetzen du etxe honetako gela eta espazio bakoitza", adierazi zuen Itsaso Lekuonak, Hernaniko Berdintasun zinegotziak. "Hernaniko kontuez hitz egingo dugu, baina Euskal Herriko edozein bazterretan interesa pizten duten pertsonak eta gaiak jorratuko ditugu", argitu zuen.

Podcastaren izenari dagokionez, Gobara da, garai bateko emakumeak arropa garbitzera joaten zirenean, buru gainean eramaten zituzten jantziak dira. "Hitz hori galtzear zegoenean berreskuratu zuen Maialen Lujanbiok 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazi zuenean", nabarmendu zuen Saioa Iraolak, Kulturarteko Plaza Feministaren dinamizatzaileak.