Hernaniko Udalak eta Hik Hasik elkarlanean sortutako Joxe Mari Auzmendi hezkuntza beka, Otxandioko (Bizkaia) herri eskolako herriaren eta komunitatearen arteko harremanak sendotzea ardatza duen egitasmoak irabazi du bere lehenengo deialdian. 12.000 euroko dirulaguntza da eta bi ikasturte izango dira proiektu irabazlea garatzeko.

Beka honek bultzatzen dituen balioak hauexek dira: hobekuntza pedagogikoa, euskara eta euskal kulturaren biziberritzea eta herri hezi-tzailea eta inklusiboa.

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak horixe bera nabarmendu zuen aste honetan burututako agerraldian. Hain zuzen ere, Joxe Mari Auzmendik bere ibilbide oparoan zabaldu zituen balioekin guztiz bat egiten du Hernanik eta horregatik sortu zuen beka hau.

"Hamar proiektu jaso dira, batzuk ikuspegi nazionalekoak, besteak tokian tokiko proiektuak; elkarteenak, ikastetxeenak... Jasotako proiektuen izaerak erakutsi du hezkuntza komunitatea hobekun-tza eta lanerako gogoz dagoela, eta beharra duela. Horrexegatik, gaurko eguna baliatu nahi dugu, berriz ere Hernaniko Udalari eskerrak emateko hain beharrezkoa den babesa emateagatik", esan zuen Mikel Arrizabalaga Ezkurdia Hik Hasiko ordezkariak.

Epaiari dagokionez, "baso eskolari ateak irekiz, naturaren integrazioan eta, Haur Hezkuntzan ez ezik, Lehen Hezkuntzan ere berrikuntza pedagogikoan proposatzen den jauzi kualitatiboagatik eta batez ere eskolaren eta komunitatearen hurbilpenari begira proposatzen duen proiektu integralagatik, Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren epaimahaiak ebatzi du Otxandioko eskola dela Joxe Mari Auzmendi zenaren izpirituari ongien uztartzen zaion proiektua eta, beraz, bekaren aurreneko deialdiko irabazlea", erantsi zuen.

Nagore Agirrebeitia Fontetxa Otxandioko herri eskolako zuzendariak "ilusioz" hartu zuen bekaren saria eta, egitasmoa haien eskolan martxan jarriko badute ere, Euskal Herriko beste edozein herritara zabaltzeko modukoa dela nabarmendu zuen. Urtetan "eskolaren eta herriaren arteko elkarlana modu naturalean gertatu da. Baina garai batean egonkortasunik ezaren ondorioz, arriskuan egon da harreman hori eta, orain, bekari esker, espero dugu herriaren eta eskolaren arteko zubi hori berreraikitzea", adierazi zuten eskolatik.