atozen asteetan, Usurbilgo Udalaren aurreikuspenen arabera, hiru obra hasiko dira: Aginagako kolektorekoak, Sagardo plazako esku-hartzea eta Sutegiko fatxadako lanak.

Maiatzean aurreratu bezala, Aginagako saneamendua osorik egiteko akordioa erdietsi zuten Euskal Ur Agentziak eta Añarbeko Mankomunitateak, eta hil honetan hasiko dira obrekin. Osinalde eta Aginaga arteko ur zikinak Loiolako araztegiraino eramateko azpiegitura nagusia eraikitzea dute helburu obrek.

Aurreikuspenen arabera, 22 hilabete beharko dituzte lanak egiteko: bien artean, 5,4 milioi euroko inbertsioa egingo dute. Kostuen %60 Urak-ek hartuko du bere gain, baita kontratazioa eta obra zuzendaritza ere; Añarbek gainerako %40 finan-tzatuko du. Lanak hiru fasetan gauzatuko dira.

Sagardo plazari dagokionez, gune hau berraktibatu nahi dute tokiko merkataritza indartzea bilatzen baitute. Horretarako, Juntura kooperatibaren laguntza izango du Udalak.

Hirigintza komertzialaren ildoari jarraiki, egoteko leku atsegin bat sortzea da esku-hartzearen helburua. Horretarako, zenbait altzari jarriko dituzte, mahaiak eta eserlekuak batik bat, eta pintaketa lanak egin, oinezkoentzat sarbideak markatuz.

Sagardo plaza gune lasaia da, izatez, eta hori mantentzea bermatuko dute. Izan ere, egokitzapena arina izango da: dagoena aprobetxatuz, elementu berriak txertatuko dituzte. Batik bat, mahaiak eta eserlekuak gehituko dituzte, egonean egoteko leku atsegina izan dadin.

Azken urteetan herrigunean egindako beste zenbait esku-hartzeren filosofiari jarraitzen dio Sagardo plazakoak ere. Kale Nagusian egindakoak dira azkenak: Olanoenea plaza eta 10. zenbakiko pasabidearen berritzea, besteak beste, Irantzu Lekueren mural baten bidez. Gainera, Mikel Laboa plazara iristeko oinezko pasabideak hobetu ziren Zubiaurrenea-Errekatxikitik eta Ar-tzabal-Olarriondotik; Mikel Laboa plaza oinezkoentzako egokitu zen, eta handik Kale Nagusira iristen diren Irazu, Etxebeste eta Hirutasun kaleak eraberritu ziren. Obra guztien helburua da oinezkoak igaro-tzeko eta egoteko leku atseginak sortuz tokiko merkataritza indartzea.

Azkenik, zenbait hilabetetako atzerapenaren ostean, abendu erdialdean hasiko dira Sutegiko fatxada berritzeko obrak; hilabete eta erdi beharko dute lanak amaitzeko. Izatez, udan egin behar zuten, baina lan kargagatik atzeratu egin behar izan dute. Batetik, fatxada egokituko dute, energetikoki eraginkorragoa izan dadin, eta, bestetik, goiko solairua itxi eta taldeka lan egiteko espazioa sortuko dute, fatxadatik kendutako materiala berrerabiliz.

Lanek iraun artean, mugak izango ditu zerbitzuak. Liburuen mailegua bermatu ahal izango da, baina ez ikasteko giroa. Horregatik, Udalak erabaki du Potxoeneako sotoa gordetzea, liburutegiko ordutegi berean, ikasteko lekua behar duten erabiltzaileentzako.

Aginako urak Loiolako araztegira eramateko 5,4 milioi euroko inbertsioa eta 22 hilabete beharko dira eta hiru fasetan egingo da obra