- Joan den urriaren 1ean aurkeztu zen publikoki Hernani Burujabe herri proiektua. Hernaniko Udala osatzen eta mamitzen ari da herriko eragile eta norbanakoekin filosofia berri hau.

Xabier Lertxundi alkateak aditzera eman zuenez, "Udalak proposatutako egitasmoa da, baina Udala triangeluaren alde bat baino ez da izango. Herria, komunitatea, eta ehun ekonomikoa, tokiko enpresak, ekintzaileak eta kooperatibak dira triangeluaren beste bi aldeak. Hiru hankak dira funtsezkoak Hernani Burujaberen proiektua gauzatzeko".

Epe luzerako proiektu honen bitartez, bizitzan beharrezkoak ditugun arlo nagusietan subiranotasunerantz joatea da Hernani Burujaberen xedea. "Ahal dugun neurrian, kanpoko multinazionalekiko, elikagaienak, energiarenak, finantzarioak..., dugun menpekotasuna murriztu nahi dugu. Hori lortzeko gakoa da tokiko ekoizpenaren alde egitea".

Hernani momentuz zortzi arlotan ari da lanean subiranotasun hori lor-tzeko: zaintza, kultura, elikadura, energia, teknologia, merkataritza, lana eta kultura. Baina proiektu hau herritarrek proposatzen dituzten beste arloetara ere irekia dago.

Hernanik herri bezala dituen erronkak energia modu jasangarriago batean kontsumitzea; zaintza sistema duin bat eraikitzea; pobrezia eta bazterketa soziala murriztea; tokiko ekoizleak, merkatariak eta produktuak sustatzea; eta teknologia baliabideak, gero eta beharrezkoagoak, guztion eskura egotea bermatzea dira, berdin dio zein adin dugun edo non bizi garen.

"Erronka handiak ditugu aurrean baina, herri bezala, guri dagokigun alea jartzeko prest gaude. Izan ere, Hernanik badu esperientzia, borondatea eta gaitasuna erronka horri erantzuteko", esan zuen alkateak.

Guzti hau borobiltzeko Ekhi moneta sortu dute, ordaintzeko sistema digitala. Izan ere, ez dago txanpon fisikorik, mugikorrean jaisten den aplikazio batean baitago.

"Zirkuitu ekonomiko itxiak sor-tzea da helburua. Hau da, hernaniarrok gastatzen dugun dirua herrian gelditzea eta herriko ekonomia indartzea da xedea", azaldu zuen Lertxundik. Gainera, herritarrek ekhi monetarekin ordaintzerakoan, gastuaren %10 gordeko zaio bere txartelean Ekhi sarean dagoen Hernaniko denda batean erabiltzeko.

Jendearen erosketa ohiturak alda-tzea eta diruaren gaineko kontrola berreskuratzea lortu nahi dira.