- Heldu, gazte eta haurrentzako eskaintza anitza izango da udazkenen honetan Hernanin, Euskal Herriko zein kanpoko artisten eskutik. Literatura, antzerkia, musika, dantza eta erakusketa eskaintza zabala eta kalitatezkoa ekarriko du eta Hernaniko kultur taldeek ere bere lekua izango dute.

Atzo egindako aurkezpenean, Koro Etxeberriak, Kultura zinegotziak, nabarmendu zuenez, kulturaren berpiztea dator udazkenarekin batera: "Pandemiak ezarritako egoera ez da erabat konpondu, baina hobera doa. Espero dezagun hemendik aurrera antolatzeko zailak edo egin ezin ziren zenbait jarduera berreskuratzeko aukera izatea".

Musika arloan, hiru kontzertu izango dira. "Lasaietik jo dugu oraingoan, klasikoa eta modernoagoa tartekatuta", adierazi zuen Nagore Irastortzak, Kultura teknikariak. Urrian Basabi taldea etorriko da; azaroan, Olatz Salvador musikariaren emanaldiaz gozatzeko parada izango da; eta abenduan, Joxean Goikoetxeak eta Euskamerata taldeak Bi min emanaldia eskainiko dute Joxemari Iparragirre eta Xabier Leteren omenez.

Biteri aretoan ez ezik, kalean ere izango dira musika emanaldiak. Hernaniko Musika Banda eta Txistulari Banda berriz martxan jarri dira, eta covid-19aren ondorioz bertan behera utzitako hainbat kontzertu berreskuratzen saiatuko dira. Hala, Santa Zezilia eguneko kontzertuak zein Gabonetakoak, besteak beste, berreskuratuko dituzte. Santa Zeziliaren harira, Musika Bandak Aldapeko Basque Latin Jazz taldearekin arituko da eta Gabonetan, herriko Umore Ona eta Ozenki abesbatzekin.

Bestalde, Nahastekak atalean, "Dantzaz konpainiak Bat ikuskizuna eskainiko du. Hiru piezaz osatutako emanaldia da, publiko orori zuzendua, eta gaur egungo munduari begiratzen diona", nabarmendu zuen Kultura teknikariak.

Haurrentzako programazioari dagokionez, aukera desberdinak eskainiko dira antzerkian, hala nola, maskarak erabilita, dantza nagusi duena, hitzik gabeko umore absurdoa, baita magia ere. Ipuin kontaketak ere izango dituzte.

Antzerki zikloa azaroaren 16tik 18ra burutuko da eta bi lan euskaraz eta bat gaztelerak programatu dira.

"Hilabetearen hasieran jarriko dira salgai hilabete bakoitzeko ekimenei dagozkien sarrerak", ohartarazi zuen Irastortzak. Biteriko leihatilan zein kultura.hernani.eus webgunearen bidez egongo dira sarrerak eta gonbidapenak eskuragarri.

Hilabetearen hasieran salgai jarriko dira hil bakoitzeko sarrerak eta Biterin edo Internet bidez eskuratu ahal izango dira