Urnieta | Urnietak 'UdazkeneanK' kultur egitaraua prestatu du

Elkarlanaren bidez atondutako ekintzak urritik abendura arte garatuko dira

29.09.2021 | 00:50
David Rosco zinegotzia eta Luxia Iriondo teknikaria, aurkezpenaren ostean.

Urnieta – Aurten San Miguel jaiak berriro ere bertan behera gelditu diren arren, Urnietako Udalak herriko haur, gazte eta helduei zuzenduriko kultur eskaintza zabala prestatu du UdazkeneanK programaren barruan.

Ekintzak urritik abendura bitartean garatuko dira eta arte eszenikoez, hitzaldiez, erakusketez zein ipuin kontaketez gozatzeko aukera izango da. Halaber, ekintza horiek Lekaio kultur etxean, herriko zenbait plazetan eta Sarobe AEGn burutuko dira.

Aste honetan eskainitako aurkezpenean, David Roscok, Gizarte-Sustapeneko zinegotziak, azpimarratu zuenez, UdazkeneanK programa osatzerako orduan Urnietako Udaleko Kultura, Gazteria, Euskara eta Berdintasuna atalak elkarlanean aritu dira, "herritarrei ahalik eta eskaintza interesgarriena eta aberatsena eskaintzeko asmoz". Era berean, herriko zenbait elkarteren lankidetza eta parte-hartzearekin kontatu dela ere nabarmendu zuen, haien proposamenak aintzat hartuz eta programan barneratuz: Etxeberri Plazako auzo elkartea, Zanpatuz mendi elkartea, Poxta Zahar elkartea eta Txanbolin txistulari banda, hain zuzen.

Bestalde, Roscok adierazi zuen egitarau honen bidez covid-19aren ondorioz bizi dugun egoera honetan ere kulturaren aldeko apustua eginez jarraitu nahi duela Udalak, eta "modu ordenatu, kontrolatu eta arduratsuan aisiaz eta ekintza desberdinez goza-tzeko aukera" eskaini nahi diela herritarrei. Beraz, segurtasun neurri guztiak bermatuta eta momentuan momentuko arautegia errespetatuta garatuko dira ekintza guztiak.

Aurkezpenean ere, Luxia Iriondo Kultur teknikariak izan zen. Bere aldetik, jakinarazi zuen Udalak aste honetan informazio liburuxka bat banatuko duela herriko etxe guztietara programa osatuko duten ekin-tza guztien gaineko informazioarekin; hala nola, izenburua, eguna, ordua, lekua, prezioa, hizkuntza eta antola-tzailea.

Behin programa ikusita ekitaldiren batera joateko interesa dutenek, data baino hiru aste lehenago sarrerak edo gonbidapenak eskuratzeko aukera izango dutela ere kontatu zuen Iriondok.

Horretako bi modu izango dituzte: Sarobeko bulegoan (asetgunetan 9.00etatik-13.00etaraeta 16.00 etatik-18.00etara, baita emanaldiaren egunean bertan leihatilan, ordu erdi lehenago) edo online (Bibe.me webgunean).

Gainera, Urnietako Udalak herrian erroldaturiko pertsonen artean sarrerak zozketatzen jarraituko du. Bi sarrerako lau sorta zozkatuko dira hiru aste lehenago.

Lehenengo ekintzak

Urriak 1. Ipuin kontaketa euskaraz, Marisa Tabernerorekin, bost urtetik gorako haurrentzat. 17.00etan Lekaion. Sarrera librea, aforoa bete arte.

Urriak 1. Musika, 19.00etan Plazido Muxika plazan. Sarrera librea, aforoa bete arte.

Urriak 2. Musika, 19.00etan elektrotxaranga estatikoa Plazido Muxika plazan. Sarrera librea, aforoa bete arte.

Urriak 3. Dantza, 19.00etan Jakutegi plazan. Aukeran dantza konpainiaren Hurrengo geltokia lana. Doan gonbidapenarekin.

Urriak 7. Parketarrak, euskaraz jolasteko programa. San Juan plazan. Sarrera librea, aforoa bete arte. 17.00-18.00: Hiru eta bost urte arteko haurrak. 18.00-19.00: Sei eta bederatzi urte artekoak. Ekintza hau urriko ostegunetan errepikatuko da.

Urriak 8. Liburutegiko xaguak, lau urtetik gorako haurrentzako irakurraldia euskaraz. 17.00etan Lekaion. Sarrera librea, aforoa bete arte.

Urriak 9. Antzerkia. Ados Teatroa taldearen Kopaz kopa an-tzezlana euskaraz. 19.00etan Sarobe AEGn. Sarrerak bost euro balio du.

noticias de noticiasdegipuzkoa