EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk ospitaleko autobusa berrezartzeko bozkatu dute, aho batez, eta, orain, Aldundiak aztertuko du. T2 lineak (BU02 berriak) berriro Donostiako Ospitalearekin zuzenean lotzea eskatzen dute

Izan ere, linea hori "ez da edozein linea", mozioan defendatu dutenez: "Izaera soziala azpimarratu behar da. Izan ere, ospitaleetan zerbitzu publiko bat eskaintzen den aldetik, hara iristeko irisgarritasun eta mugikortasun publikoa bermatu behar zaie herritar guztiei. Inor ez da gustuz joaten ospitalera, halabeharrez joan behar izaten dugu: lanera edota gaixoren bat zaintzera. Ondorioz, erabiltzaile asko eta asko emakumeak dira, eta gizarte sektore ahulenei eragin die murrizketa honek".

Gogorarazi dutenez, hasiera batean herria eskualdearekin lotzen zituen bi lineak kentzea proposatzen zuen Aldundiak. Asmo horrek usurbildarren haserrea eragin zuen eta 2.000 alegazio aurkeztu ziren.

Dena den, egoera berbideratzeko Aldundiak "borondatea" erakutsi duela nabarmendu dute, eta "nahiz eta berandu iritsi", elkarlan eskain-tza eskertu dute. "Pasa den astean egin zen bileran, Mugikortasun Departamentuak asmoa eta borondatea azaldu zuen usurbildarrei ospitaletarako lotura bermatu ahal izateko BU02 linea egokitzeko, irailetik aurrera. Irtenbideak bilatzeko eta egoera konpontzeko gure prestutasuna argia izango da".

Bilera

Bazkardoko lotura

Mugikortasunarekin lotuta, badago beste gai bat Buruntzaldeko eskualdeari eragiten diona: Bazkardon proposatzen den errepideko lotura berria.

Izan ere, Jose Luis Verdascok, Andoaingo Hirigintza zinegotziak jakinarazi duenez, gaur 9.30ean, bilera bat egingo da. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuko arduradunek Bazkardoko A-15 eta N-I errepideen elkargunea arintzeko eta foru erakundea lantzen ari den zarataren aurkako irtenbideak ezagutarazteko aukerak aurkeztuko dituzte.

Udaletxean egingo den bilera honetara udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak daude gonbidatuta. Gainera, bilera streaming bidez egingo da, Andoaingo herritar guztiek aukera ezberdinak bertatik bertara ezagutu ditzaten.

Gaur Andoaingo Udalak eta Foru Aldundiak bilera egingo dute eta herritarrek 'streaming' bidez jarraitu ahal izango dute