Orain dela gutxi, Lasarte-Oriako Udalak euskararen aldeko bi hitzarmen sinatu ditu. Lehenengoa, Ttakun Kultur Elkartearekin izan da eta haiek, 180.000 euroko diru-laguntzarekin zazpi programak gauzatuko dituzte.

Diru-kopuru horren truke, Ttakun Kultur Elkarteak herritar askoren hizkuntza ohiturak astintzen dituen programa handiak burutuko ditu. Hedabideen alorrean Txintxarri paperezkoa eta digitala, aisialdiaren alorrean Gazte-kluba eta Amaraun kluba haur eta gaztetxoentzat, eta Kuadrillategi programa 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat. Helduen euskalduntzearen harira, Solaskide programarekin eta Gurasolandia eta Gurasolagun programekin jarraituko du, eta Kulturgintza euskararen eskutik programaren barruan Euskal Jaia, udaberriko bertso saioa eta beste hainbat ikastaro antolatuko ditu, eta, azkenik, 2022 urtera atzeratutako Euskararen 10. Maratoiaren hirugarren Euskaraldiko prestaketa lanak ere hitzarmen honetan daude bilduta.

Diru kopuruaz gain, ordea, hitzarmenaren filosofiak adierazten duena azpimarratu zuen ekitaldian Jon Antxordokik, Euskara Batzordeko lehendakariak; izan ere, Udalak eta Ttakunek elkarrekin landu dituzte Lasarte-Oria euskalduntzen jarrai-tzeko lan-lerro nagusiak eta programa zehatzak. "Ez da soilik programa batzuk egiteagatik dirulaguntza emate soil bat. Filosofia horrekin ari dira elkarlanean herriko euskalgin-tzako erakunde guztiak eta urrats honek berretsi besterik ez du egiten harreman-modu hori", azaldu zuen Antxordokik.

Ttakun Kultur Elkartearen izenean, elkarteko lehendakaria den Mari Karmen Ormazabal Ansak sinatu zuen hitzarmena. Ormazabalek adierazi zuen Udalaren eta elkartearen arteko hitzarmena eredugarria dela, bai kopuruarengatik, baina baita ere bi erakundeen artean herrian egiten ari den lanarengatik ere. "Eredugarria hizkuntza gutxiagotu bat berreskuratzeko lankide-tza publiko-soziala ezinbestekoa delako eta eredugarria baita ere beste herri askoren erreferentzia garelako", gaineratu zuen Ormazabalek.

Bigarren hitzarmena, berez hiru dira, herriko hiru ikastetxeetako guraso elkarteekin 2021-22 ikasturterako ikasleen euskarazko jardunak indartzeko sinatu direnak dira. Hiru hitzarmenen helburua ikastetxeetako ikasleen euskarazko trebetasunak eta ohiturak indartzea da, bereziki jarrerak hobetzeko eta erabilera aukerak gehitzeko. Guztira, hiru elkarteen artean, ia 70.000 euro jasoko dituzte Udaletik, iaz baino %6,5 gehiago.

Burunzpe guraso elkartearen kasuan, zortzi programa daude jasota hitzarmenean eta horiek gara-tzeko, guztira 12.500 euroko lagun-tza eman dio Udalak Burunzperi.

Landaberri guraso elkartearekin, berriz, bederatzi proprama hitzartu dira. Guztira 27.500 euro jaso ditu guraso elkarteak.

Azkenik, Oriartekideri dagokionez, Elemeleka izena duen programa ikastetxeko sei ikasmailetako talde guztietan aplikatzea da hitzarmenaren muina. Programaren helburu nagusia gazteen hizkuntza-sozializazioa ahalik eta gehien euskaraz izan dadin laguntzea da eta 2018an Nerabeak Euskaraldian ikerketa-ekintzan du bere oinarria. Guztiak batasun bat hartzen badu ere, ikasmaila bakoitzerako azpiprograma banatan dago aletua. Laguntza ia 30.000 euroko da.