- Zarauzko Udalak aurkeztu berri du Aritzbataldeko pista eraberritua. Aste honetan bertan hasi dira Zarauzko saskibaloi, eskubaloi eta areto futboleko herriko taldeak entrenatzen. Udalak, berriz, eremua bisitatu zuen asteartean. Leire Arana kirol zinegotziak azaldu zuenez, “duela urte batzuk Zarauzko Kirol Elkarteak lurra aldatzeko eskaera luzatu zion Udalari; izan ere, Zarauzko saskibaloi, eskubaloi eta areto futboleko taldeak oso maila altuetan lehia-tzen ari dira beren kategorietan, eta egoerak eskatzen duen mailan dagoen instalazio bat behar zutela ikusi genuen”. Gainera, “40 urte ditu pistak eta urte hauetan guztietan behin bakarrik aldatu da lurra”, argitu zuen.

Arrazoi horiek kontuan hartuta, uda aprobetxatu dute berrikuntzak egiteko. Egurrezko zoru berria, “merkatuko onenetako bat da”, Mondoelastic - Hayaelastic motakoa, zehazki. Kirol-erabilerarako diseinatutako sistema da; izan ere, haren laminek inpaktuen xurgapen-maila handia eta energiaren itzulera kontrolatua ahalbidetzen dute, barneko aire-kameraren deformazioaren bidez eta inpaktuaren ondoren hasierako posiziora itzultzeko gaitasunaren bidez.

Zoladura aldatzeaz gain, beste txukunketa lan batzuk ere egin dira: goiko metalezko egitura garbitu da, pareta margotu da, saskiak, ateak berritu dira, eta azkenik, megafonia, markagailurako metakrilatozko pantaila eta larrialdietarako ateak aldatu dira. Guztira, 160.297,22 euroko inbertsioa (BEZ barne) egin du Udalak.

Zarautz Kirol Elkartea gustura agertu da egindako azken berrikuntza lan hauekin eta hala adierazi zuen Esteban Collantes elkarteko presidenteak egindako bisitan: “Garrantzitsuena Udalarekin sentitzen dugun gertutasuna da, gure eskakizunak erantzun dituzte eta pistaren berrikuntzan hartu diren erabakietan parte hartzeko aukera izan dugu“.

Agerraldia erabili zuen Xabier Txurruka alkateak Zarauzko Udalak kirolarekiko eta Zarautz Kirol Elkartearekiko”konpromisoa eta irmoa” duela adierazteko. Izan ere, “Zarauzko Udalak 5.000.000 eurotik gora inbertitu ditu azken bost urteetan Zarauzko kirol instalakun-tza publikoak berritzen” adierazi zuen alkateak.

Azken urte hauetan berritu diren instalakuntzen artean Astiko errugbi zelaiko harmailen estalpea, aldagelen berrikuntza, transformazio zentro berria, Asti txikiko belar artifizialaren aldaketa, eta Astiko beste harmaila berri baten eraikuntza daude. Honez gain, Lizardi institutuaren patioan pista eta kirol areto berri bat egin dira. Uda honetan erabilgarri egon da eremua, baina azken ikutuak falta dira. Laster amaiera emango zaie aldagela berriekin batera.

Zarauzko kirol-instalakuntzen berrikuntza ez da, ordea, hemen amaituko. “Etorkizuneko erronka Astin daukagu, eta uda honetan jada bertako lursail batzuk erosi ditu Udalak jarraian Astiko kirol instalakuntzen zabalpenari ekiteko” aurreratu zuen Txurrukak. Belar artifizialeko zelai berri bat eta atletismoko pista aurreikusten dira, besteak beste. Padeleko pistak jartzea ere mahai gainera ekarri dute.

Kontuak kontu, Astiko kirol eremua motz geratu da. Hala adierazi zuen proiketu honen aurkezpenean, Collantesek: “Egungo instalazioak gainezka daude, beraz, esku-hartze horiei esker espazio gehiago egongo da modalitate desberdinetako kirolak praktikatu ahal izateko”.

Lizardiko kirol areto berriari ere laster emango zaio amaiera, aldagela berrien obra bukatzea bakarrik falta da