Hernani | Ikastetxeetan, hiru urte energia aurrezten

08.06.2021 | 01:42
Proiektuko lehenengo urtean parte hartu zuten Elizatxoko ikasle batzuk, udal agintariekin. Argazkia: N.G.

Hernaniko Lehen Hezkuntzako 650 ikaslek parte hartu dute proiektuan eta urtean 5.100 euro gutxiago gastatu dituzte

Duela ia hiru urte, 2018/2019 ikasturtean, Hernaniko Elizatxo ikastola Euronet 50/50 proiektuan parte hartzen hasi zen, eta hurrengo ikasturtearen hasieran bi ikastetxe gehiago batu zitzaizkion: Urumea ikastola eta Txirrita herri eskola.

Euronet 50/50en helburua ikasleak eta orohar, eskola-komunitatea, energiaren kudeaketa arduratsu baten alde mugiaraztea da eta horretarako, Hernaniko Udalaren lagun-tza jaso dute aipatutako hiru ikastetxeek. Ikasturte honetan ere jarraipena eman zaio egitasmoaren metodologiari baina, beti ere, eskolen beharretara eta pandemia egoerara egokituta.

Aipatu behar da hiru ikastetxe horietako Lehen Hezkuntzako 650 bat ikaslek parte hartu dutela eta baita proiektuaren koordinazioaz arduratu den irakasle taldea ere. Horien guztien inplikazioari esker, ikasturte batetik bestera, 5.100 euro inguru aurreztea lortu zen.

Ikastetxe bakoitzari lortutako aurrezpenak jakinarazi ondoren, eskoletan energia aurrezteko eta arduraz erabiltzeko ekintza-planak diseinatzeko ordua iritsi zen. Horrela, urtarrilean eta otsailean ikastetxe bakoitzean egindako parte-hartze saio ezberdinen bidez, ikasleek helburuak eta horietako bakoitza lor-tzeko ekintzak adostu zituzten, ekintza bakoitzaren lehentasun-maila ezarri zuten, eta lortutako aurrezpenaren zenbatekoaren erdia zein jarduera burutzera bideratuko zuten erabaki zuten.

Hernaniko Udalari energiari eta klima aldaketari lotutako irteeren antolaketa, egungo argiak LED argiengatik ordezkatzea eta teilatuan eguzki-plakak instalatzea proposatu zioten. Aurreztutako zenbatekoaren beste erdia, Hernaniko Udalak proiektuan parte hartzen duten ikastetxeetan energiaren arloko hobekuntzak gauzatzera bideratuko du.

Jarduera eta praktika onak martxan jarri ondoren gastu ekonomikoa gutxitzeaz gain, kontsumo energetikoa, CO2 isurketak eta kutsadura gutxitzea lor dezakete ikastetxeek.

Euronet 50/50 programa, europar ekimen bat da eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko energia aurreztea helburu nagusitzat du, bereziki Udalen jabetzakoak eta kudeaketa zuzenekoak diren Lehen Hezkun-tzako eraikin publikoetan. Ikasleek dute protagonismoa, baina eskola komunitateko beste eragileek ere parte hartzen dute.

noticias de noticiasdegipuzkoa