Usurbil | 36ko gerra gogorarazten

06.06.2021 | 00:29
Lantaldeko boluntarioak Eneko Lizardi diseinatzaileak egin duen logotipoarekin. Argazkia: N.G.

Usurbilgo lantaldeak herritarren parte-hartzea eta laguntza eskatu du "Proiektua aberasteko"

Gerra Zibilak Usurbilen izandako ondorioen azterlana aurrera darrai eta hilabete honetan parte-hartze fase batean murgildu da. Lantaldeak aditzera eman duenez, parte-hartze faseak bi adar nagusi ditu: boluntarioen sarea eta informazio bilketa.

Herritarren parte-hartzea "proiektua aberasteko behar-beharrezkoa" dela nabarmendu du taldeak: "Memoriaren puzlea osatzera gatoz, eta norberak nahi duena esan ahal izango du, libreki eta inolako presiorik gabe". Horretarako, telefono eta email bana zabaldu dituzte: 36kogerra@usurbil.eus eta 665 724 752. Sare sozial propioak ere sortu dituzte: Twitterren, Facebooken eta Instagramen.

Herritarrek parte hartzeko hainbat aukera jarri dituzte mahai gainean. Bi dira, batez ere, orain lan-tzen ari direnak. Batetik, boluntarioen sarea dago. Boluntarioek hainbat modutara egin ditzakete ekarpenak: herritarrei elkarrizketak egiten, gudalekuen berreskuratze lanetan, erakusketaren gauzapenean...

Lantaldea bi astean behin elkar-tzen da Memoriaren Bulegoan, Udalak Artzabalen duen lokalean: bilera irekiak dira, hau da, nahi duenak eta nahi duenean parte har dezake bertan. "Proiektu herritarra dela azpimarratu izan dugu beti: herritik sortua eta herriarentzat. Hori dela eta, guretzat ekimenaren bizkarrezurra da parte-hartzea", azaldu du Aitor Azurki kazetariak eta ekimeneko sustatzaileak.

Martxoan ekin zion boluntario sareak lanari, eta harrez geroztik hainbat elkarrizketa egin dituzte: "Grin handiko taldea dugu, oso gogotsu dagoena, eta herritarrei galdezka ari dena han-hemenka. Informazio ugari lortzen ari gara, oso interesgarria eta garrantzitsua izango diren datuak, ondorengo faseetarako. Eta noski, Usurbilen gertatu zena xehetasun gehiagoz jakiteko ere", azaldu du Aitzol Arroyo historialariak, ekimenaren beste susta-tzaileetakoa denak.

Informazioa biltzen arituko dira ekainaren 25era bitartean. "Gerra garaiko testigantzak, objektuak, argazkiak edo egunkari zatiak dituzten herritarrei deia egiten diegu gurekin harremanetan jartzeko", azpimarratu du Azurkik.

noticias de noticiasdegipuzkoa