Datorren martxoaren 18an abian jarriko du abian BHaren aldeko herri mugimenduak sinadura bilketa bat Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ordezkaritzari eskatu dioten bileran aurkezteko. "Ez dela herriko talde bateko nahia, baizik eta Astigarragako behar bat azpimarratu nahi dugu", adierazi zuten plataformako kideek asteazkenean udal talde guztiekin batera egin zuten agerraldian.

Xabier Urdangarinek, alkateak, gogorazi zuenez, otsaileko osoko bilkuran aho batez onartu zen Eusko Jaurlaritzari DBHko ikastetxea eraikitzeko urratsak azkar ditzan eska-tzea. Udalaren asmoa institutuaren obra 2019-2023 plangintzan sar dezaten da.

Horretarako, Udala bere esku dauden lan guztiak aurrera eramaten ari da. Honenbestez, DBHko ikastetxearen orubea prestatzeko hiritartze lanak amaitzen ari da. Linea elektrikoa lurperatzeko obra zibila apirilean amaituko da eta linea lurperatuta egongo da maiatzean. Udalak aurreproiektua lantzen eta hiritartze lan horiekin 730.000 euroko inbertsioa egin du.

Horren ondotik, Udalak orubea prest izango du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari lagatzeko. Hortik aurrera, Eusko Jaurlaritzari dagokio ikastetxearen exekuzio proiektua idaztea eta ikastetxea eraikitzeko obrak egitea. Alabaina, alkateak azpimarratu zuenez, proiektua idazteko eta ikastetxea eraikitzeko epeak oso luzeak dira eta proiektu hori, gainera, ez dago sartuta Hezkuntza Sailaren 2019-2023ko inbertsioen plangintzan.

Urdangarinek gogorazi zuenez, institutu baten eskaera duela ia 20 urte hasi zen. Orduan, Astigarragak 3.500 biztanle zituen. "Gaur 7.305 biztanle ditugu eta Euskadin herri gutxi izango dira biztanleri horrekin DBHrik ez dutenak. Gainera, Euskadiko jaiotze-tasarik altuenetakoa dugu. Urtero 100 haur inguru jaio-tzen dira. Beraz, urtero 100 haurrek Donostiako Martuteneko ikastetxean edo beste herri batean hasten dira DBH ikasten", esan zuen.

Amaitzeko, alkateak udal talde guztiei proiektuari emandako babesa eskertu zien.