Beterri-Buruntzako Udaletako Enplegu Sozialeko egitasmoak sortutako irabazi asmorik gabeko Maitelan kooperatiba integrala aurkeztuko dute ostegunean Hernaniko Biteri kultur etxean . Bere helburua zaintza eta mendekotasunaren sektorean lan egiten duten langileen gizarteratze eta laneratze duina lortzea da. Egitasmo hau Hernaniko Amher SOS Racismoren elkarlanarekin gauzatu da.

Suspertzaileek aurreratu dutenez, “aurkezpen ekitaldian, zaintza eta mendekotasun sektoreak pairatzen duen feminizazio eta prekarietateari aurre egiteko sortu den alternatiba hau protagonisten ahotik ezagu-tzeko aukera izango da”. Hots, egun Maitelan kooperatibako langile diren emakume etorkinen eskutik egitasmoa ezagutu eta beraiekin proiektuaren helburu, indargune, zailtasun eta etorkizuneko erronkak elkarbanatzeko tartea izango da.

Beterri-Buruntzatik gogora ekarri dutenez, zaintzaren eta mendekotasunaren sektorearen errealitatea ezagutzeko hainbat diagnostiko eta ikerketa egin ondoren eskualdean sektore honetan lan egiten duten eta bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonak gizarteratu eta laneratuko dituen egitura egonkor bat, inklusio tresna bat, behar dela ondorioztatu zen.

Urtetako lanaren ondorioz, 2020ko martxoan kooperatiba sortu eta martxan jartzea lortu zen eta Maitelanen helburu bezala pertsonei arreta eta zaintza nahiz garbiketa zerbitzuak eskaintzea ezarri zen, beti ere, “kooperatibako langile eta erabiltzaileok protagonista izanik eta denon beharrak erdigunean jarriz”. Alabaina suspertzaileek aitortu dutenez, 2020 urte zaila izan da kooperatibarentzat, pandemia egoerak ez baitu erraztu kooperatibaren bideragarritasunean. “Hala ere, proiektuaren aurkezpen ofizial bat egitea beharrezko ikusten genuen, orain arte bidelagun izan ditugunei eskerrak eman eta eskualdean proiektua ezagutarazteko”, amaitu dute.

Informazio gehiago behar duenak https://maitelan.eus/ webgunea bisitatu dezake.