Jarduera lizentzia eguneratu berri dio Usurbilgo Udalak Osinalde poligonoko Ucin enpresari, udal-eskumenak baliatuz. Gogorazi dutenez, 2020ko uztailean eta azaroan Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Baimen Bateratua eguneratu zion, 2016ko Europako Komisioak hartutako erabakiari jarraiki, eta horren ondotik eguneratu du Udalak jarduera lizentzia.

Lizentzia berrituan, Jaurlaritzak baimen bateratuan ezarritako baldintzak baino neurri zorrotzagoak eskatu dizkio Udalak Ucin lantegiari, horiek ere 2016ko Europako Komisioaren irizpideak oinarri hartuta. Hau da, Eusko Jaurlaritzak partikula baten etengabeko neurketa exijitu dio, baina Udalak, Jaurlari-tzak eskatutakoa eta beste lau partikularen etengabeko neurketak gehitu ditu baldintzen zerrendara.

Hala, orain arte ez bezala, aurrerantzean hainbat parametro modu jarraituan neurtzeko eskatu diote enpresari: orain arte, urtean zehar neurketa puntualak egiteko derrigortasuna baino ez zuen.

Aldaketa hauek Ucinekin lotutako salaketak aurkeztu dituzten herritarrei azaldu die Usurbilgo Udalak gutun batean: “Guk dakigula, enpresa bati halakorik eskatu dion EAEko Udal bakarretakoa gara”.

Gutunean nabarmendu duenez, udalerrietako airearen kalitatearen kontrolean Udalak ez dira eskumenak dituzten erakunde bakarrak: “Are gehiago, ingurumen baimen bateratua duten jarduera moten kasuan, Eusko Jaurlaritzari dagokio baimen bateratua igortzea, eta Udalek aukera dute, ondotik, jarduera lizentzia egokitzeko. Usurbilgo Udalak halaxe egin du, baina, esan bezala, prozedura hori ez da ohikoa tokiko administrazioan”.

Udaletik gogora ekarri dutenez, duela bi urte Kataluniako Unibertsitate Politeknikoarekin harremanetan jarri ziren. “Usaina sor dezaketen konposatu organiko bolatilak ikertzeko kontratatu genituen, usainen jatorria zer izan daitekeen aztertzeko eta herritarron osasunean eraginik izan dezaketen jakiteko. Herrian tarteka atzematen dugun usaina ze konposatuk sor-tzen duten ikertzea izan zen azterketa horren xedea, baita jatorri posibleak identifikatu ere”.

Orain, haiekin lantzen ari diren beste lan-lerro baten berri eman du: aire kalitatearen modelizazio lanak egiten ari dira, eta emaitzak laster izango ditu esku artean. “Herriko emisio foku guztiak aintzat hartuta, modu bateratuan Usurbilgo aire kalitatean zein eragin duten ikustea ahalbidetuko du modelizazioak”.

Herriko emisio foku guztiak kontutan izanda, aire kalitatearen modelizazio lanak egiten ari dira eta emaitzak laster izango dira